Berri txar batekin hasi dute Cementos Rezolan enplegua erregulatzeko espedientearen negoziazioa. Fabrikaren jabeak, Heidelberg Materials taldeak, klinkerra egiteko labea itzali nahi du Añorgako lantegian (Donostia), eta, ondorioz, sindikatuei jakinarazi die 102 lanpostuetatik 56 kendu nahi dituela.
Erregulazioan geratzen diren langileei beste aukera batzuk eskaini dizkie. Hamabost lagun Arrigorriagako lantegira (Bizkaia) bidaltzeko prest dago, eta beste hainbat taldeko beste lantegi batzuetara (Italian, Ingalaterran eta Herbehereetan ditu fabrikak). Beste 11 langile taldetik kanpoko enpresetan sartu nahi ditu Heidelbergek, eta hamabost aldez aurretik erretiratu.
Duela astebete iragarri zuen Heidelbergek enplegu erregulazio bat egin nahi zuela Añorgako porlan fabrikan, baina langile batzordeak ohar baten bidez salatu du gaur arte ezer gutxi zekitela: «Mahaiko gaurko bilerara arte, langileek komunikabideen bidez soilik jaso dute informazioa».
Langile batzordea —LABeko 5 kide eta ELAko 4— kaleratzeak eragozten saiatuko da erregulazioaren negoziazioan. Uztailaren 18ra arte iraungo du.
Deskarbonizazio prozesua
Enpresak azaldu dienez, Arrigorriagako fabrikara eraman nahi dute klinkerraren ekoizpen osoa, hango labeak isuri gutxiago dituelako. Zehazki, 2023ko karbono isuria %50 apalduko luke horrela. Klinkerra egiteko prozesuak zementu fabrika baten «karbono isuri guztiak» eragiten dituela nabarmendu du enpresak, eta iragarritako neurriarekin «bi fabriken jasangarritasun klimatiko eta industriala ziurtatuko» dela. Europako Batasunak zementuaren sektoreari eskatu dio isuriak 2005ekoak baino %62 apalagoak izatea 2030. urterako, eta, horren harira, enpresak azaldu du Añorgako labea ixtea dela helburu horiek betetzeko «modu bakarra». Enpresak zehaztu duenez, horrek heren batera txikituko du Añorgako fabrikako jarduna.
Batzordeko kideek ez dute ulertzen nola litekeen deskarbonizazio prozesu batek hainbeste kaleratze eragitea, eta uste dute enpresak «aitzakia» gisa erabili duela deskarbonizazioaren auzia, Añorgako fabrikaren lana beste zentro batzuetara eramateko: «Langileek ez dute onartuko aitzakia hori erabiltzea lanpostuak suntsitzeko».
Langile batzordeak adierazi du deskarbonizazio prozesu bat egitearen alde dagoela, «betiere benetakoa eta langileekin adostutakoa bada eta lanpostuak suntsitzea ez badakar». Langileek ziurtatu dute enpresak irabazi handiak dituela, eta lantokia egokitzeko erabil ditzaketela.
Joan den astean erregulazioa iragarri zuenean, Heidelberg Materials taldeak esan zuen Añorgako fabrikaren aldeko apustua egin duela, eta 2024 eta 2026 bitartean hamasei milioi euroko inbertsioa egingo du, fabrikaren deskarbonizazioa bultzatzeko eta zementu jasangarria egiteko. Horrez gain, karbono aztarna txikiagoa sortuko duten eraikuntza materialak ikertzeko zentro bat bultzatuko dute, «bikaintasun eta berrikuntza zentro bat».
174 urte porlana egiten
Añorgako porlan lantegia 1850. urtean sortu zen, eta 1950. urtean hartu zuen ezagun egin duen izena, Cementos Rezola.
1992an Italcementik erosi zuen, eta hark Alemaniako Heidelberg Materials taldeari saldu zion 2016an. Geroztik, hura da jabea. Alemaniako enpresa bat da, 51.000 langile ditu, eta 50 herrialdeetan ditu lantegiak.
Zer da klinkerra?
Klinkerra zementuaren osagai nagusia da, eta kareharria eta buztina urtzean sortzen da. Labeko harri horiek txikitu eta urarekin eta igeltsuarekin nahastean, zementua sortzen da, eta zementuari hartxintxarra, harea eta beste gehigarri batzuk nahastean, berriz, hormigoia. Beraz, klinkerra hormigoia egiteko behar diren elementuetako bat ere bada. Asko erabiltzen da, eta hura fabrikatzeko prozesuan asko kutsatzen da; hala, zementuaren industria da gehien kutsatzen dutenetako bat. Klinkerra egiteko prozesuan, berotegi efektuko hainbat gas askatzen dira (karbono dioxidoa, sufre dioxidoa...).