Cementos Rezolak berretsi du 56 lanpostu kenduko dituela

Enpresaren azken erabakiarekin, bederatzi langile Arrigorriagara lekualdatuko dituzte; 24k erretiro aurreratua hartuko dute. Hemezortzik enpresa uzteko izena eman zuten, bidegabeko kaleratzea onartuta; eta bost enpresaren erabakiz kaleratuko dituzte.

Cementos Rezolako langileak greba mugagabea hasi zuten egunean Añorgako fabrika kanpoan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Cementos Rezolako langileak greba mugagabea hasi zuten egunean Añorgako fabrika kanpoan. MAIALEN ANDRES / FOKU
asier gonzalez de san pedro
2024ko abuztuaren 6a
15:50
Entzun

Iragarritako kaleratzeak negoziatzeko epea amaitu ostean, Heidelberg Materials enpresak sindikatuei jakinarazi die Cementos Rezolan 56 lanpostu kenduko dituela, eta horrek esan nahi du Añorgako plantako (Donostia) langileen erdiak geratuko direla. Denak ez dira kaleratzeak izango: hasieran iragarritako 56 kaleratzeetatik bederatzi langile Arrigorriagara (Bizkaia) lekualdatuko dituzte, eta beste 24k erretiro aurreratua hartuko dute; hamabostek erretiro aurreratua hartzea adostu zuten enpresarekin erregulazio prozesua hasi aurretik, eta beste bederatzi batu dira orain, negoziazioen ondoren erretiroa hartzeko adina aurreratzea onartu baitzuen zuzendaritzak.

Hortaz, 23 kaleratuko dituzte zuzenean: hemezortzi bidegabeko kaleratzeak izango dira, eta, halako kasuei dagokien kalte ordainaz gain, gain sari bat jasoko dute; bost, berriz, inolako akordiorik gabe kaleratuko dituzte, kaleratze arruntak izango dira, eta diru gutxiago jasoko dute. Abuztuaren bukaeran eramango dituzte aurrera kaleratzeak, eta lekualdatzeak, berriz, irailaren 1etik aurrera.

Enpresak ekainaren 18an iragarri zuen 56 langile kaleratzeko asmoa zuela, eta erregulazio espediente bat jarri zuen martxan. Añorgako plantan labe bat kenduko dute, deskarbonizazio prozesu baten barruan, eta langileak kaleratuko dituzte horren eraginez. Erabakiaren berri eman zuenean, kaleratu nahi zituen pertsonen zerrenda bat zabaldu zen langileen artean.

Kaleratzeen inpaktu soziala murrizte aldera, enpresak alternatiba bat eskaini zien 56 pertsona horiei. Batetik, hamabost pertsona Arrigorriagako fabrikara lekualdatzea, eta beste hamabost enpresak atzerrian dituen beste planta batzuetara joatea (Italia, Herbehereak, Erresuma Batua...). Bestetik, hamasei langileri eman zien erretiro aurreratua hartzeko aukera. Zuzenean, berriz, hamar langile botako zituen. Enpresak izen-abizenak jarri zizkien kopuru horiei.

Espedientea negoziatzerako orduan, baina, langile batzordeak —LABek bost kide ditu eta ELAk lau— borondatezko kaleratzeak negoziatzea lortu zuen, eta zuzendaritzak epe bat jarri zuen kalera joan nahi zutenek izena eman zezaten, betiere baldintza argi batzuekin: boluntarioki kalera zihoazenak bidegabeko kaleratze gisa hartzea eta gain saria jasotzea, sindikatuek egindako eskaera bere eginda; erretiro aurreratua 54 urtera jaistea ere onartu zuen; eta, azkenik, Arrigorriagarako lekualdatzeak bermatzea.

51 pertsonak eman zuten izena hiru aukera horietako batean, eta langile batzordeak uste zuen horiek izango zirela kaleratzeak. Baina enpresak bart eman zien azken erabakiaren berri: boluntarioki aurkeztutako 51 langile horiek hitzartutako baldintzetan kaleratuko dituela, baina baita beste bost ere, inolako akordiorik gabe.

Etorkizunean, zer?

Sindikatuek ez zuten espero enpresak bost langile kaleratzea akordiorik gabe, eta, horregatik, langileak batzarrean bilduko dira aste honetan, etorkizunean zer egingo duten erabakitzeko. Ekainaren 28tik greba mugagabean daude Añorgako plantan, eta horrekin jarraitu ala ez erabakiko dute. Horrekin batera, erregulazio espedientearen aurkako salaketa jarri ala ez eztabaidatuko dute.

Nahiz eta 51 langileek beren kaleratzea adostu, Usua Lasa LABeko Gipuzkoako Industria arduradunaren ustez horrek ez du esan nahi kaleratu ez dituztenik. Horregatik, sindikatuak langileei proposatuko die erabakia gauzatzen den arte mobilizatzen jarraitzea. Izan ere, LAB akordioaren aurka dago, enpresak bere kabuz beste bost langile kaleratzea erabaki baitu. «Bost langile horiei irtenbide bat eman arte, borrokan jarraituko dugu», gehitu du Lasak.

Esther Arruti Roteta ELAko Industria eta Eraikuntzako arduradunaren ustez, berriz, langileek ez dute enpresaren proposamena «boluntarioki» sinatu: «Langileak mehatxupean sinatzera behartu ditu, asko ez baitzeuden baldintzekin ados». Gainera, salatu du zuzendaritza «fede txarrez» aritu dela negoziazioetan. Hala, Arrutik iragarri du ELAk epaitegietara jotzea erabaki duela, aste honetako batzarraren babesarekin zein babesik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.