Cementos Rezola itxiko duela «guztiz» ukatu du Heidelberg Materials taldeak

Enpresak langile batzordeari eskatu dio «luzatu gabe lekualdatzeetan zentratzeko», eta deitoratu egin du ostiralean greba hasteko asmoa.

Cementos Rezolako langile bat atzo egindako protestan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Cementos Rezolako langile bat atzo egindako protestan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
asier gonzalez de san pedro
2024ko ekainaren 26a
13:10
Entzun

Heidelberg Materials taldeak «guztiz» ukatu du Añorgako (Donostia) Cementos Rezola fabrika ixteko arriskuan dagoela, eta lasaitasun mezu bat helarazi nahi die fabrikako lantaldeari eta ingurukoei, «kulturalki eta sozialki» dituen «konpromiso garrantzitsuei eutsiko» dielako.

Añorgako porlan lantegiaren jabeak agiri baten bidez erantzun die atzo langileen ordezkariek egindako adierazpenei. Erregulazio espedienteari lotutako bigarren bileraren hasieran, ELAko industria eta eraikuntzako arduradun Ester Arrutik ziurtatu zuen  fabrika «atalka ixtea» dela Alemaniako enpresaren asmoa, eta iragarri zuen kaleratzeak izanez gero auzitara joko dutela, horiek «baliogabetzeko».

Ohar horretan, Heidelberg Materialsek ziurtatu du ez duela atzera egingo enplegua erregulatzeko espedientearekin eta negozioaren «deskarbonizazio planarekin». Enpresak uste du 2023. urteko CO2 emisioak erdira jaitsiko dituela deskarbonizazio planaren bitartez, klinker materialaren ekoizpen osoa Arrigorriagan (Bizkaia) bilduta eta Cementos Rezola zenaren labea itxita.

Enpresak azaldu duenez, erabaki horrek bi heren murriztuko du Añorgako fabrikaren industria jarduera, eta «beharrezkoa» da «enpresaren etorkizuna bermatzeko». Gainera, Añorgako lantegian hamar milioi euroko inbertsioa egitea onartu du, eta iragarri  enplegu erregulazio espedientea gauzatzean inbertituko dutela oraindik inbertitzeko geratzen dena.

Langileek, ordea, salatu dute deskarbonizazio prozesua «aitzakia» besterik ez dela. Horregatik, greba mugagabe bat hasiko dute ekainaren 28an, enpresak kendu nahi dituen 56 lanpostuei eusteko —103 langile daude lantegian—. Heidelberg Materials taldeak greba deialdia deitoratu du, eta «luzatu gabe lekualdatzeetan zentratzeko» eskatu langile batzordeari.

Erregulazioan geratzen diren langileei beste aukera batzuk eskaini dizkie. Prest dago hamabost lagun Arrigorriagako lantegira bidaltzeko, eta beste hainbat, berriz, taldeko beste lantegi batzuetara —Italian, Ingalaterran eta Herbehereetan ditu fabrikak—. Beste 11 langile taldetik kanpoko enpresetan sartu nahi ditu Heidelbergek, eta hamabost aldez aurretik erretiratu. Horiek betetzeko konpromisoari eutsi dio enpresak.

Langileen ordezkariek —LABeko bost kide eta ELAko lau—  eta zuzendaritzak atzo egin zuten enplegua erregulatzeko espedientearen inguruan hitz egiteko bigarren bilera, Donostiako hotel batean. Sindikatuek enpresari eskatu zioten espedientea gelditzeko, eta zenbait alternatiba eskaini zizkioten. Gipuzkoako LABeko Industria arduradun Usua Lasak esan zuen oraindik ere pentsatzen dutela «kausak ez dituztela justifikatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.