Industria

Celsarentzako bazkide industrial bat nahi du Jaurlaritzak

Gaur egun altzairu enpresaren jabe diren funtsek hura saltzen dutenean industria jarduna bermatuko duen bazkide bat nahi du Tapia sailburuak, eta esan du badagoela interesa agertu duenik

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburua. MAIALEN ANDRES / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko irailaren 12a
13:44
Entzun

Celsa altzairutegiaren kontrola hartu duten inbertsio funtsak kate motzean lotuko dituen bazkide industrial bat nahi du Eusko Jaurlaritzak. Hala onartu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko Sailburuak, eta zehaztu du badaudela esku hartzeko interesa erakutsi duten beste enpresa batzuk. Espainiako Gobernuak oraindik ez du baimendu operazioa, baina inbertsio funtsek beren interesen aldeko ebazpen judizial bat jaso dute.

«Funtsak joan egingo dira, beti joaten baitira, eta une horretan enpresaren bideragarritasuna bermatuko duen bazkide bat nahi dugu», aurreratu du sailburuak. Tapiak ez du baztertu Rubiralta familia izatea bazkide hori, orain arte Celsako akziodun nagusia zena, edo «inguruko» beste talderen bat. Celsa 7.000 langileko enpresa multinazional bat da, eta 650ek Euskal Herriko hiru altzairutegietan dihardute: 329k, Nervaceron (Trapagaran, Bizkaia); 98k, Celsa Atlanticen (Gasteiz) —lehen Laminaciones Arregui zen—; eta 200ek, Celsa Francen (Bokale, Lapurdi).

Celsak 1.300 milioi euroko zorra du, eta iragan astetik Deutsche Bank bankua buru duen erakunde finantzario talde bat da haren akziodun nagusia. Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak gaur bertan hitz egin dute Celsaren inguruan, eta bat datoz jardun industriala lehenetsi behar dela. Enpresaren akzio gehienak inbertsio funtsen esku utzi zituen Bartzelonako epaileak bere ebazpenean ere hala zioen, «enplegua» eta «erabakiguneak» mantendu behar zirela, baina eskaera horri berme handiagoa emango dion bazkide industrial bat nahi dute bi gobernuek.

Funtsak ere bazkide hori lortzeko bidean mugitu dira, eta Rafael Villaseca ezarri dute administrazio kontseiluko buru. Naturgyko kontseilari delegatu ohia da, eta eskarmentu handia du kudeaketa industrialean. Dena den, beste ezeren aurretik Espainiako Gobernuaren onespena behar du. Espainiak enpresa estrategikoen jabetza aldaketak oztopatzeko mekanismoak ditu, eta oraindik ez dio onespena eman Celsakoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.