Celsaren jabe berriei industria plana exijitu diete Hegoaldeko sindikatuek

Enpleguaren berme falta da sindikatuen ardura nagusia. Jabe berriek sei hilabete dituzte Celsaren jabetzaren %20 hartuko duen bazkidea hautatzeko.

CELSA ATLANTIC, LAMINACIONES ARREGUI
Laminaciones Arreguiko langileek 2020an egindako protesta baten irudia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
inaut matauko rada
2023ko azaroaren 27a
13:50
Entzun

Celsa multinazionala Rubiralta familiaren eskuetatik nazioarteko inbertsio funtsen eskuetara pasatzeko prozesua amaitzen ari da. Prozesu horretan, Hego Euskal Herriko eta Asturiasko (Espainia) lantegietako sindikatu batzuek jabe berriei eta Espainiako Gobernuari eskatu diete informazio gehiago emateko. Joan den astean, hain zuzen, Celsa Atlantic-eko (garai bateko Laminaciones Arregui) delegatuek «gardentasuna» eskatu zieten jabe berriei, ordura arteko informazio guztia prentsaren bidez jaso zutela argudiatuz.

Joan den ostegunean bildu ziren LAB, LEKU, ELA, CSI eta ESK sindikatuak Espainiako Gobernuko ordezkariekin, eta, informazio gehiago eskatzeaz gain, lantegi bakoitzarentzako industria plan zehatz bat ere eskatu zutela adierazi dute, jardueraren eta enpleguaren bideragarritasuna bermatzeko. Horrek kezkatzen ditu gehien sindikatuak: enpleguaren berme falta. Enplegua hemezortzi hilabetez egongo da bermatuta; epe «oso eskasa» da, sindikatuen ustez, eta nabarmendu dute administrazio kontseilu berriak kaleratzeak egiteko aukera izango duela denbora tarte hori amaitzean.

Hala, Espainiako Gobernuaren eta jabe berrien arteko akordioan estatua administrazio kontseiluan sartzeko traturik egin ez izana deitoratu dute sindikatuek.

Jabetza, argitu gabe

Joan den ostiralean hartu zuten bere gain hartzekodun inbertsio funtsek Celsaren jabetzaren zati handi bat, epaitegiek zorraren parte bat akzio bihurtzea baimendu ostean eta bankuekin ere akordioa lortu ostean. Kontseilari ordezkari berria ere hautatu zuten: Jordi Cazorla. 525 milioi euroren maileguak lortu dituzte jabe berriek, baina oraindik ez dute guztiz hartu enpresaren lema. Izan ere, Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioan adostutakoaren arabera, enpresaren akzioen %20k Espainiako bazkide batenak izan beharko dute.

Multinazionalaren jabetzan sartu, eta sei hilabete dituzte gehienez bazkide hori topatzeko: maiatzaren 24ra arte. Espainiako Gobernuak hasieratik nahi izan du taldea herrialdean bertan geratzea, eta horregatik baldintza hauek: akzioen %20k Espainiako bazkide baten esku egon beharko dute; egoitza nagusiak Espainian egon beharko du; eta Castellbisbalgo lantegian (Herrialde Katalanak) enplegua bermatu beharko da.

Azken neurri hori da, hain zuzen, Hego Euskal Herriko eta Asturiasko sindikatuen kezka iturrietako bat, enplegua lantegi guztietan bermatzeko eskatu baitute. Sindikatu bakoitzak tratu ezberdina duela ere salatu dute, eta eskatu dute ordezkaritza duten talde guztiei berdin emateko informazioa. Hego Euskal Herrian, Celsa taldeak hiru lantegi ditu: bi Gasteizen (Laminaciones Arregui zena eta Trefilerias Moreda), eta beste bat Trapagaranen, Bizkaian (Nervacero). Ipar Euskal Herrian ere badu beste lantegi bat, Bokalen (Lapurdi).

Sidenor, aukeretako bat

Hiru enpresa dira Celsaren %20 hori hartzeko faborito, eta tartean dago Jose Antonio Jainagaren Sidenor. Beste biak CL Grupo Industrial eta Megasa dira, baina aukera dago multinazionalen Espainiako filialak ere hautagai izateko, Arcelor Mittalena esaterako.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak irailean adierazi zuen Celsarentzat bazkide industrial bat nahi duela, eta, EAJren eta PSOEren arteko akordioak eta Madrilen eta Lakuaren arteko hartu-emanak ikusita, oso litekeena da Sidenor Celsaren jabeetako bat izatea.

15 milioi euroko kalte ordainak bederatzi zuzendariri

Celsako jabe berriek salatu dutenez, zuzendaritza zaharreko bederatzi kidek 15 milioi euroko kalte ordaina jasoko dute, eta, esan dutenez, klausula hori ezkutatu egin zitzaien. Bartzelonako Merkataritza Arloko 2. Epaitegiak irailaren hasieran eman zion baiezkoa berregituraketa planari, baina zuzendaritza ohiari 15 milioi euroko kalte ordainak emateko klausulak sartu zituen. Jabe berriek helegitea jarri dute epaitegi berean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.