Inbertsio funtsak Celsaren zuzendaritza hartzear dira, bankuekin akordio bat lortzea besterik ez baitzaie falta. Irailaren hasieran irabazi zuten inbertsio funtsek Rubiralta familiaren aurkako epaia, eta enpresaren kontrola hartzeko bidea ireki zen. Prozesu horren inguruko informaziorik ez dutela jaso adierazi dute gaur Laminaciones Arregui lantegia zeneko enpresa batzordeko kideek —Celsak Euskal Herrian duen hiru lantegietako bat da—.
Esan dute azken hilabeteetan prentsaren bitartez jaso dutela enpresaren zuzendaritzaren bilakaerari buruzko informazioa, haiekin ez baitira harremanetan jarri ez jabe zaharrak ez zuzendaritza hartzear diren inbertsio funtsak.
Epaiaren ostean Espainiako Gobernua sartu da tartean, berregituraketa ikuskatuko baitu. Joan den hilabetean akordio bat lortu zuten gobernuak eta inbertsio funtsek, eta sindikatuek salatu dute ez dutela akordioaren buruzko informaziorik jaso: «Akordioaren memorandumik gabe, ezinezkoa da haren balorazio osoa egitea».
Prozesua orokorrean «gardentasunik gabekoa» da, Laminaciones Arreguiko ordezkarien ustez. Adierazi dute Espainiako Industria Ministerioa CCOO, UGT eta USO sindikatuekin bildu dela soilik, «deserosoak» diren beste sindikatu batzuk alboratuz. Espainiako Gobernua, jabe berriak eta sindikatu nagusiak jo dituzte prozesuaren iluntasunaren erruduntzat.
Sindikatuentzat larria da Celsaren etorkizunarentzat industria planik ez egotea; are gehiago, Espainiako Gobernuak akordioa lortzeko planik exijitu ez izana ulertezina da haientzat, lantegietako jardueraren eta enpleguaren etorkizuna bermatzeko bidea dela uste baitute.
Erakundeekiko bilerak
Egoerari irtenbide bat bilatzen saiatzeko, ordezkariek adierazi dute Gasteizko Udalak azaroaren 28an egingo duen enpleguari buruzko osoko bilkuran parte hartzeko eskatu dutela. Arabako Foru Aldundiko Enplegu Sailari ere biltzeko eskatu diote. Horren aurretik, bihar, Madrilera joango dira delegatuak, Espainiako Gobernuko gai ekonomikoetarako idazkari nagusiarekin hitz egitera.
Celsa Euskal Herrian
Hiru lantegi ditu Celsak Euskal Herrian, bi Hegoaldean eta bat Iparraldean. Laminaciones Arregui zenean 98 langilek egiten dute lan, eta Trapagarango Navarcero lantegian (Bizkaia), berriz, 329k. Celsa Franceren Bokaleko lantegian (Lapurdi) 200 enplegatu daude; 650 langile inguru dira.
Eusko Jaurlaritza ere mugitzen hasi zen irailean, Celsarentzako bazkide industrial bat eskatu baitzuen, baina Laminaciones Arreguiko ordezkariek Jaurlaritzaren jarrera salatu dute. Haien esanez, Kataluniako eta Galiziako autonomia erkidegoetako gobernuek bai egin dituztela bitartekari lanak, ez ordea Lakuak.