Luze jo dute bi hilabeteok Celsarentzat eta haren hartzekodunentzat. Espainiako Gobernuak azkenean atzo onartu zuen 550 milioi euroko erreskatea Kataluniako altzairugilearentzat, eta, horri esker, epe laburrera etorkizuna bermatu dute hark Euskal Herrian dituen lantegiek (Trapagarango Nervacero, eta Gasteizko Celsa Atlantic, eta Baionako Celsa France).
Gorabeheratsua izan da erreskatearen negoziazioa siderurgia taldearentzat. SEPIk hasieratik galdegin zion Celsari akordio batera iristea bere hartzekodunekin, zorraren parte handi bat kitatzeko –2.300 milioi euroko zorra du taldeak, eta 1.000 milioi murrizteko eskatu zion–. Tirabirak izan dituzte kitapenen eta enpresaren akzioak eskuratzearen artean. Baina, azkenean, emaitzarik ez.
Adostasun gabe, duela astebete inguru erreskatea egitea erabaki zuen SEPIk, «bideragarritasun plana eta hartzekodunekin batera egindako moldaketa prozesua» aztertu ostean.
Ostegunean amaituko da COVID-19aren erreskateen funtsaren dirua jasotzeko epea. Madrilek 10.000 milioi euro jarri zituen, baina soilik 3.255,8 milioi erabili ditu, 30 operaziotan. Dirua jaso dutenen artean daude Tubos Reunidos eta Vicinay Marine euskal konpainiak.