Enpresa handietan eta multinazionaletan amildegia egon ohi da aginte organo gorenen eta langileen artean. Erabakien informazio kateak denbora luzea behar izaten du operariengana iristeko. Alde hori are handiagoa da garai txarretan, eta langileek, askotan, zaparrada gainera iristean nabaritzen dute krisiaren trumoi urrunek iragartzen zutena. «Ezinegon» hori Celsa Group altzairutegiak Euskal Herrian dituen plantetan pairatzen dute egun. Taldeak 2.300 milioi euroko zorra du, eta haren etorkizuna jokoan dago sokatira juridiko eta politiko batean. Mutur batean jabeak daude, Rubiralta familia; bestean, berriz, hartzekodunak: bankuak eta funts handiak —Deutsche Bank, Goldman Sachs, Capital Group...—. Eta erdian, zintzilik, 5.000 langileak.
Langile horien artean daude Nervaceroko 329ak (Trapagaran, Bizkaia), Celsa Atlanticeko 98ak (Gasteiz) —lehen Laminaciones Arregui zena— eta Celsa Franceko 200ak (Bokale, Lapurdi). Euskal Herrian dituen hiru plantak dira, eta hiruretan urrundik bizi dute krisia. «Hedabideen bidez izaten dugu albisteen berri; argitaratzen direnean baieztatzen dizkigu zuzendaritzak. Baina tira, epaileak ere ez du erraztu: urriaren 26an,ebatzi zuen alde sozialak ez zuela zertan izan negoziazioen berri». Kexa David Garciarena da (LAB), Celsa Atlanticeko langile batzordeko presidentearena.
«Espainian gertatzen denari buruz, biziki informazio gutxi dugu; Bartzelonako edo Coruñako kideek esaten digutena dakigu. Bankuek gehiengoa nahi dutela, taldea ez dagoela prest, gobernuak ez duela Celsa alboratu nahi estrategikoa delako...». Daniel Torres (CGT) Bokaleko plantako langile batzordeko kidea da, eta hark ere informazio falta kritikatu du. BERRIA Nervaceroko batzordeko buruarekin (UGT) harremanetan jartzen saiatu da, baina hark ez du gaiaz hitz egin nahi izan.
Gobernua ere tartean
Korapiloa ez baita erraza, eta Torresek aipatu dituen aldagai guztiak daude ekuazioan. Hartzekodunek estu hartu dute Rubiralta familia, eta, haiekin akordioa lortzea oso zaila gertatzen ari denez, Bartzelonako epaile bati eskatu diote beren esku utz dezala konpainia, bideragarritasun plana abian jarri ahal izateko. Planaren aukeretako bat inbertsio funts bati saltzea da, baina Espainiako Gobernuak oztopatu dezake hori. Legeak eskubidea ematen dio enpresa estrategikoa dela irizten badio, eta hartzekodunei esan die Espainian erroturiko talde industrial bat aurki dezatela.
Gasteizen eta Baionan ezberdin bizi dute egoera. «Ondo dakigu nola jokatzen duten putre funtsek: garbitu, murriztu eta saldu», iragarri du Garciak. Gasteizen urduri daude, eta, plantaren gertuko historiari erreparatuta, ez da harritzekoa. 2012. urtean, 300 langile ziren, eta, hainbat lan erregulazio eta grebaren ondoren, orain 98 dira. Egungo ekoizpena ordukoaren «seirena» dela gehitu du.
Beldur dira jabe berriek neurri gogorren bat hartuz gero nola eragingo dien beraiei. Horregatik, argi dute Celsa industria talde baten esku gelditzea nahi dutela. «Eusko Jaurlaritzari eskatu diogu bide horretan lan egiteko», azaldu du. Espainiako Gobernuaren asmoa hori da, eta badu blokeo erreminta ahaltsu bat. Iaz 550 milioi euro eman zizkion Celsari, zorra txikitzeko —zorraren zenbatekoa talde osoaren merkatu balioa baino handiagoa da—. Inoiz egin duen erreskate industrial handiena izan zen, eta, diru horren truke, baldintzak ezar diezazkioke jabe berriari.
Baionan, oparo
Bokalen ere industria talde batek erostea nahiago luketela onartu du Torresek, baina berak baldintza pare bat jarriko lituzke: «Arcelor saihestuko nuke; talde horretan egon ginenean, ez genbiltzan ongi. Eta burtsan kotizatua ez dagoen enpresa bat bada, hobe». Ikusteko dago ea Espainiaren babesak haiei eragiten dien, baina lasai daude. Duela urtebete, laminagailu berria martxan jarri zuten, eta, iaz, irabaziekin amaitu zuten. Hori dela eta, langileei gainsaria eman zieten abenduan. Azken 30 urteetan bigarren aldiz gertatu zen hori.
«Gu operaziotik kanpo uztea ez litzateke koherentea izango gurean egindako inbertsioekin. Taldeak duen langunerik errentagarriena gara, eta itsasbazterrean gaude, portu batekin. Ez da faltako gu erosteko asmoa duen enpresarik». Datuek berretsi egiten dute Torresen pragmatismoa. Celsaren datuen arabera, bere fakturazioaren %9k Bokaleko plantan du jatorria, eta Baionako portuko zama mugimenduaren %40k altzairutegiarekin harremana du.
Celsa taldearen krisia: hain gertu, hain urrun
Celsa Group altzairutegiak 2.300 milioi euroko zorra du, eta hartzekodunek enpresaren kontrola hartu ahal izatea eskatu diote epaileari. Euskal Herrian dituen plantetako langileak kexu dira, ez dutelako negoziazioen berri zuzenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu