Bizkaiko enpresaburuek onura gehiago izatea espero zuten zerga erreformaren proiektuan. EAJk eta PSE-EEk elkarrekin adostutako neurrien balorazioa egin du gaur Cebek Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioak, eta adierazi du ezberdintasun handiak daudela patronalek egindako hamabost proposamenen eta onartu direnen artean. «Orain, geroz eta konplexuagoa den ingurune honetan, inoiz baino beharrezkoagoa dugu enpresen jardunari lagunduko dion fiskalitate bat izatea», esan dute Cebekeko ordezkariek.
Ikusi gehiago
Nahiz eta ez duten proiektu osoaren berri izan, Carolina Perez Toledo presidenteak onartu du jaso direla haien zenbait eskari —esaterako, deskarbonizazioa bultzatzeko inbertsioentzako kenkariak—, baina salatu du ez zaiela jaramonik egin beste zenbaiti. Horien artean, hizpide izan du ondare zerga kentzeko eskaera. «Erreforma bat bainoago, berrikuspen bat» iruditu zaio proiektua.
Desengainu bat izan ote den galdetuta, Perez Toledok azaldu du onartutako neurri asko motz geratu direla. Multzo horretan sartu ditu, adibidez, sozietateen zergari ezarritako kenkariak. Enpresek egin beharreko gutxieneko ekarpena %17tik %15era murriztea nahi zuten enpresaburuek, besteak beste. Ogasunek uste dute pentsio ordainketen egoera zuzentzeko biderik onena BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak direla, eta haiek diruz hornitzea sarituko dute kenkarien bitartez.
Cebekek egindako inkestaren arabera,«pertsonen kudeaketa» eta presio fiskala dira Bizkaiko enpresaburuen kezka nagusiak
Patronalak, baina, uste du neurri horrek porrot egingo duela lehenago edo geroago. «Iruditzen zaigu kenkariak oso eskasak direla, eta zerbait anbiziotsuagoa egin behar zela», adierazi du Francisco Javier Azpiazu Cebekeko idazkari nagusiak.
Urrian egin duen inkesta baten berri eman du enpresarien elkarteak, eta agerraldian adierazi duena indartzeko balio izan dio: lehen aldiz, zerga presioa da Bizkaiko enpresaburuen kezken artean bigarrena. «Azken urteetan, presio fiskala gehiago handitu da BPG barne produktu gordina baino», gogorarazi du Azpiazuk.
Ezkortasuna
340 enpresak erantzun duten galdeketa horren arabera, «pertsonen kudeaketa» da enpresarien kezka nagusia; hor jasotzen dira soldaten igoerak eta behar dituzten profil profesionalak topatzeko zailtasunak.
Kontu gehiagoren inguruko iritzia ere eman dute inkestan. Etorkizunera begira, uste dute eskaria ez dela nabarmen handituko. EB Europako Batasuneko herrialdeak dira Bizkaiko enpresen bezero nagusiak, eta, azkenaldian heldu diren albiste txarren ondorioz, ezkor agertu dira enpresariak. Azpiazuk hizpide hartu ditu autogintzaren sektoreak dituen arazoak, eta Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente izango denak ezarriko dituen muga zergen ondoriozko buruhausteak.
Dena den, irmo adierazi du enpresaburuek aurrerantzean ere ekarpena egin nahi dutela ongizate estatuari eusteko, eta hori ez dutela inoiz zalantzan jarri: «[Ongizate politikak] oso beharrezkoak dira, are beharrezkoagoak garai zailetan».
Ikusi gehiago