Bizkaiko enpresa bakar batek ere ez du eten harremana Israelekin, Cebeken arabera

Lurraldeko enpresak baikorrak direla azaldu du patronalak, eta %6k bakarrik murriztuko dutela lantaldea. Eusko Jaurlaritza berriari eskatu diote ahalik eta bizkorren zehazteko BGAEn kenkariak nolakoak izango diren.

Carolina Perez Toledo Cebekeko presidentea. LUIS TEJIDO / EFE
Carolina Perez Toledo Cebekeko presidentea. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2024ko maiatzaren 7a
13:20
Entzun

Bizkaiko enpresa bakar batek ere ez dio utzi Israelekin negozioak egiteari Gazako sarraskiaren ondorioz. Cebek Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioak behintzat ez du halako erabakien berri. «Ez dugu horrelakorik gertatu izanaren informaziorik», zehaztu du Carolina Perez Toledo elkarteko presidenteak. Eustaten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek 218 milioi euroren esportazioak egin zituzten Israelera, guztien %0,6 —28. da nazioarteko bezeroen zerrendan—.

Cebekek bazkideen urteko bilera du asteazken honetan, eta, ohikoa denez, enpresen artean zabaltzen duen inkestaren berri eman du. Agerraldi honetan eman ditu elkarteak Israelekiko harremanari buruzko azalpenak. Halaber, Perez Toledok argitu du Jaurlaritza berria osatu dadin zain daudela balizko zerga erreforma baten inguruko euren iruzkinak egiteko. Horren harira, baina, zehaztu du eskertuko lukeela ahalik eta lasterren jakitea zein izango den BGAEn kenkariei buruzko politika.

Absentismoari buruzko behatoki baten sorrera begi onez ikusiko lukeela onartu du Cebekek, «ertz askoko arazo bat delako».

Absentismoa ere ohiko gai bat izaten da horrelako agerraldietan. Inkestaren arabera, enpresen %86 arduratuta daude gai horrekin, eta pertsonen kudeaketa arloko buruhauste nagusien artean hirugarrena da, lan kostuen gorakadaren (%92) eta trebaturiko langileen gabeziaren (%87) ondoren. Cebek «atsekabetuta» dago, Elkarrizketa Sozialeko Mahaian gaia espresuki jorratzeko osaturiko lantaldea behar baino gehiago atzeratzen ari delako: «Beti diogu ertz askoko gai bat dela; horretarako, beharrezkoa ikusten dugu etengabe lanean ariko den absentismoari buruzko behatoki bat».

Iragarpen onak, batez ere zerbitzuetan

Bizkaiko enpresak baikorrak dira, «egonkor edo hobetze bidean» doaz gehienak, eta erdiek baino gehiagok uste dute euren merkatuak normal edo suspertzen bidean daudela. Enpresen %44k euren fakturazioari eutsi diote aurtengo urte hasieran, %29k hobetu egin dute, eta %90ek uste dute iaz bezain lehiakorrak edo lehiakorragoak direla. Ildo horretan, %89k nabaritu dute kostuak igo direla; hala ere, %53k uste dute errentagarritasuna mantenduko dutela, eta %24k hobetu egingo dutela.

Eta enplegua? Iragarpenak onak dira, langile trebatuak lortzeko arazoak izan arren: enpresen %73k uste dute aurten langile kopurua mantenduko dutela eta %21k handitu egingo dutela. Cebeken kalkuluen arabera, aurten 8.450 enplegu berri sortuko dira Bizkaian. Deigarria da lanpostu horien %21,3 eraikuntza sektorean sortuko direla eta %15 industrian. Dena den, zerbitzuen sektorea izango da enplegu sortzaile nagusia. Inkesta osoari erreparatuta, sektoreen sektorea da aurtengorako hobekuntza aurreikuspenik onenak dituena.

cebek: Enpresari elkarterik zaharrena

Cebek Euskal Herriko enpresari elkarterik zaharrena da. 1899. urtean sortua, 125. urteurrena du aurten. Sindikatuen sorreraren bide paraleloa egin zuen. Sei gremiotako enpresetako elkarte gisa jaio zen —zientzia ogibideena, egur azpiegituren eraikuntzarena, metalgintzarena, arte plastikoena, igeltsuen eta lur egosi materialen ekoizpenarena eta ohiko kontsumo gaien salmentarena—, eta urteekin sektore ezberdinetako enpresen elkarteak hartu ditu barne. Egun Cebekek negoziatzen ditu Bizkaiko sektore mailako lan hitzarmen gehienak. 2021az geroztik, Carolina Perez Toledo da presidentea. Urteurrena ospatzeko, ekitaldi berezia antolatu dute biharko Euskalduna jauregian. 09:00etatik 11:00etara urteroko bazkideen bilera egingo dute, eta, ondoren, enpresa topaketa bat. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ere hitza hartuko du ekitaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.