«Euskal Herrian dugun lan gatazken kopurua onartezina da; sindikatu abertzaleen malgutasun gabezia astakeria bat da», Carolina Perez Toledo Cebekeko presidenteak hitz oso gogorrak izan ditu ELA eta LABentzat egoera ekonomikoaren inguruko urteroko inkestaren emaitzen aurkezpenean. Era berean, goratu egin du Espainiako Elkarrizketa Sozialeko mahaian sinatu berri den akordioa, baita hari esker osasun agiriak emateko orduan mutualitateekzeregin berria izango dutela ere.
Bizkaiko enpresarien elkartea ernegatuta dago azken urteetan euskal enpresetako langileak egiten ari diren greba kopuruarekin. Cebeken arabera, sortzen duten enplegua «ez da prekarioa», eta gogoratu du soldata igoerak, «Espainiakoak baino handiagoak» direla. Aletu duenez, iaz soldatak %4,11 igo zituzten batez beste, eta aurten, %4,16. Indarrean eta berrituta dauden lan hitzarmenen datua da hori.
Bizkaiko patronalaren kalkuluen arabera, 2019tik 2022rako tartean KPIa %8 igo zen; haien lan hitzarmenetako soldatak, berriz, %8,31. Era berean, salatu du batez beste hiru urte eta erdi behar izaten direla lan hitzarmenak berritzeko, eta «astakeria» horrek langileei eta enpresei kalte egiten diela. Egun Bizkaiko langileen %17k bakarrik dute enpresa hitzarmena, eta horietako «gehienek» sektoreko hitzarmena dute oinarrian.
Cebekek onartu du ELArekin akordioak lortzea gehiago kostatzen zaiela, baina bi sindikatu abertzaleei egin die kritika. «Konfrontazio sindikatutzat jotzen dute beren burua, elkarrizketa alboratzen dutelako», salatu du Perez Toledok: «Greba eskubide bat da, baina negoziazio batek arrakastarik ez duenean erabili beharko litzateke, ez hasieratik». Era berean, nabarmendu du gero eta zailagoa dela KPIaren azpitik dauden soldata eguneraketak adostea, eta egoera zailetan bi aldeek egin behar dutela ahaleginen bat negoziazioan.
Beste muturrean, Cebekek goratu egin du Espainiako patronalak CCOOrekin eta UGTrekin lorturiko akordioa. Haren ustez, sindikatu horiek «heldutasuna» erakutsi dute, eta «akordio garrantzitsuak» lortzeko gaitasuna. Aldi berean, adierazi du begi onez ikusiko lukeela akordio horren arabera mutualitateek duten rola Euskal Herrira iristea: «Osasun publikoan itxaron epeak luzatzen ari dira, eta asko arinduko lituzke langileek osasun agiria lortzeko egin behar dituzten tramiteak».
«Egonkortasuna» nagusi
Cebekek ohiko batzar nagusia egingo du gaur Euskalduna jauregian, eta, haren atarian, Bizkaiko enpresen egoeraren erradiografia egin du. Inkesta bidez lorturiko iritziak dira, eta, horien arabera, urte hasieran baino baikorragoak dira oro har. Eskariei dagokienez, enpresen %54entzat egoera normala da; %15entzat, ona; eta %30entzat, ahula. Batezbesteko hori %33koa zen iaz. Fakturazio datuak antzekoak dira: %55 iazko mailetan daude, %25 hobeto, eta %20 okerrago. Etorkizunera begira, lautik hiruk antzera jarraitzea espero dute aurten; eta %22k gora egitea.
«Datuek erakusten dute oro har jardun ekonomikoa hobera egiten ari dela, eta atzean utzi dugu atzeraldi posible baten arriskua», nabarmendu du Perez Toledok. Dena den, azaldu du errentagarritasuna jaisten ari dela, enpresa asko ekoizpen kostuen garestitze osoa azken preziora eraman ezinda dabiltzalako, eta egoera horrek irabazi marjinei eragiten diela. Enpresen %44entzat marjina hori iazkoa bera da, eta %25entzat txikiagoa. Kostuen arloan, Cebekek salatu du interes tasen igoeraren eraginez enpresei gero eta gehiago kostatzen zaiela maileguak lortzea.
Cebekek greba gehiegi antolatzen dituztela egotzi die sindikatu abertzaleei
Bizkaiko patronalak «astakeriatzat» jo du ELAk eta LABek «malgutasun falta» izatea negoziazioetan, eta goratu egin du CCOOk eta UGTk Madrilen duten jarrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu