Cebek: «Baliteke kaleko mobilizazioak hauspotzea sindikatuen kalterako izatea azkenean»

Bizkaiko langileen %67k ituna berrituta izan arren, enpresetako lan giroa ez da hobetu, Bizkaiko patronalak salatu duenez. Enpresek iragarpen onak egin dituzte, baina, aldi berean, beldur eta kezka ugari adierazi.

Cebek
Cebekeko zuzendaritza organua. Francisco Javer Azpiazu bigarrena da ezkerretik hasita, eta Carolina Perez Toledo hirugarrena. O. M. E. / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2024ko otsailaren 7a
14:10
Entzun

Cebek Bizkaiko enpresari elkartearentzat lurraldeko lan gatazken indarra ez dator bat lan baldintzen errealitatearekin eta «balizko prekaritatearekin». Halaber, absentismoa «arazo handitzat» jo du, eta enpresak giro politikoarekin «arduratuta» daudela azaldu. Alde horretatik, egonkortasun politikoa ezinbestekoa dela nabarmendu du, «jokoaren arauak zeintzuk izango diren jakiteko», eta argi utzi du ez duela asmorik lau eguneko astea eta halako proposamenak aztertzeko. Aipaturiko liskar giroa eta mezu katastrofistak, baina, ez datoz bat enpresen negozio ikuskerarekin: %84k iazko eskari kopuruari eustea edo hura hobetzea espero dute.

Itunpean diharduten Bizkaiko langileen %67k lan hitzarmena berrituta izan arren, iaz enpresen %21ean bakarrik sumatu zuten lan giroa hobetu zela. Cebekek urtero enpresei egiten dien inkestako emaitzetako bat da hori. «Gatazka larregi ditugu. Gatazkaren pisua ez dator bat gure lan baldintzekin eta balizko prekaritatearekin», azaldu du enpresari elkarteko idazkari nagusi Francisco Javier Azpiazuk, patronalak urtero egiten duen inkestaren emaitzak aurkeztean.

«ELA sindikatuak gatazkarekin lotzen ditu soldata hobeak, baina hori ez da horrela».

FRANCISCO JAVIER AZPIAZU Cebekeko idazkari nagusia

Azpiazuk salatu du grebetan «galduriko» orduek min handia egiten diotela enpresei, eta kritika gogorra egin dio ELA sindikatuari: «Soldata hobeak gatazkarekin lotzen ditu, baina hori ez da horrela. Baliteke gatazkak puztean eta kaleak betetzean datzan estrategia sindikatuen kalterako izatea azkenean». Cebekek, dena den, azaldu du iaz EAEn itunpeko soldatak %4,6 igo zirela batez beste, eta Espainian, berriz, %3,4. Azpiazuren ustez, datu horrek erakusten du ELAk planteatzen duen egoera ez datorrela bat errealitatearekin, eta greben aldeko jarrerak zerikusi handiagoa duela sindikatuaren beraren interesekin.

Absentismoa, lanaldi murrizketa...

Cebekek lan harremanetako gai guztiak ekarri ditu hizpidera bere agerraldian. Absentismoa aipatzea ohikoa da, eta «arazo potolotzat» jo dute, enpresen %4tan bakarrik murriztu zelako iaz. Mutualia mutualitatearen ikerketa baten arabera, Bizkaiko langileak 21,52 egunez egiten dute kale lanean urtero, eta horietatik %90 gaixotasunarengatik dira. Azpiazuk «garrantzitsutzat» jo du Elkarrizketa Sozialeko Mahaiak gaia aztertzeko ikerketa bat agindu izana; gainera, aurreratu du lan hori «amaitzen» ari direla eta aurki egingo dutela diagnostikoa.

Erakunde publikoak elkarrizketa sozialaren parte dira, eta haien inguruko «giro politikoa» Bizkaiko enpresarien ardura nagusietan laugarrena da —lan kostuen, kontratazio arazoen eta absentismoaren ondoren—. Beste inkesta batzuetan, arduren sailkapeneko zortzigarren eta hamargarren postuetan zegoen. Carolina Perez Toledok zehaztu du Espainiako giro politikoa dela ardura nagusia, eta enpresek egonkortasuna nahi izaten dutela. «Giro nahasi horretan, enpresen beharrekin zerikusirik ez duten proposamenak egiten dira», kritikatu du.

%84

Eskariak Bizkaiko enpresen %84k uste dute iazko eskari kopuru bera edo handiagoa izango dutela aurten. Fakturazioari dagokionez, %71k dute iritzi hori.

Baina zeintzuk dira proposamen horiek? Bi azaldu ditu: lau eguneko lan astea ezartzeko asmoa eta lanaldi murrizketa elkarrizketa sozialetik kanpo gauzatzea. Aurrenekoari «aldrebeskeria» iritzi dio, eta berretsi du ez dagoela Bizkaiko enpresen agendan. Bigarrenari buruz, berriz, esan du lanaldia lan hitzarmenetan eztabaidatzen dela, eta kritikatu egin du gaia elkarrizketa sozialeko eremuetatik kanpo arautu izana.

Hala ere, emaitza onak

Cebeken inkestan, haien egoerari eta aurreikuspenei buruz galdetzen diete enpresei, eta, oro har, emaitzak onak dira: «Hobekuntza bat sumatzen dugu pandemiaren aurretik eginiko inkestekin alderatuz», laburbildu du Perez Toledok. «Enpresek helarazi digute 2024an enpresa giroak eta merkatuek hobera egitea espero dutela. Eskaera kopuruaz, ekoizpen ahalmenaz eta fakturazioaz ari gara». Enpresen %55ek uste dute beren merkatuen egoera normala dela eta %21ek iritzi diote suspertzen ari direla. Aurrera begira, %84k uste dute eskari kopuru bera edo handiagoa izango duela eta %71k bilakaera bera espero dute fakturazioarekin. Erantzunei sektoreka erreparatuz, industrian egin dituzte iragarpen onenak.

Enpleguari dagokionez, enpresen %74k egungo lantaldeari eutsiko diote, eta %19k handitzea espero dute. «Azken urteetako inkestei erreparatuz gero, hau da enplegu iragarpenik onena», nabarmendu du presidenteak. Datu horrek, dena den, trebaturiko langileak aurkitzeko arazoekin egiten du talka. Azkenik, soldatengatik ere galdetu dute: enpresen %72k igo egingo dituzte, eta %22k bere hartan utzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.