Alde askotako elkarrizketa luze eta korapilatsuen ondoren, bere pentsio erreforma zein den zehaztu du Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak. Lehen akordioa ere badu, Unidas Podemos gobernuko bazkidearekin, pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen diren kotizazio urteetan bi aukera ematearen truke. Proposamen hori ontzat hartu dute CCOOk eta UGTk, eta haien babesa «xehetasun batzuen menpe» dago.
Parlamentuko bazkideen aldetik ere hitz onak jaso ditu, baina babes ziurrik ez oraingoz: «Aurrerapen bat da, baina ez da nahikoa», ohartarazi dio Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko diputatuak.
Ikusi gehiago:Erreakzioak
Bruselak ofizialki ez dio oniritzirik eman, baina baduela iradokitzen du Escrivak, Bruselan sarri egon ostean, proposamena jendaurrean jakinarazi izanak.
Ezezko bat ere badu ministroak: CEOErena. Izan ere, pentsio sistemaren kontuak orekatzeko modua gizarte kotizazioak handitzea da, eta batez ere soldata handiena. «Enpleguaren sorrera arriskuan jartzen du», esan du patronalak.
KOTIZAZIO EPEA
Bi aukera izango dira hurrengo hogei urteotan
2011ko erreformak, Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE) presidente zela, hamabost urtetik 25era handitu zuen progresiboki pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko zenbat urte kontuan hartzen diren —2022tik dira 25 urte—. Epe hori luzatzea proposatu zuen Escrivak, baina UPren eta sindikatuen ezetzak konpromiso batera behartu du. Ondorioz, bi sistema izango dira hurrengo hogei urteotan, eta langileak gehien komeni zaiona aukeratu ahal izango du: azken 25 urteak, edo azken 29 urteetatik 27 urterik onenak —berez, 24 hilabete txarrenak kendu ahal izango ditu, hilabeteak baitira erreferentzia—.
Azken kalkulu hori ere progresiboki jarriko da indarrean, 2026tik aurrera eta hamabi urtez. Teorian mesede egiten die lan bizitza zatituagoa izan dutenei, enplegua galdu dutenei eta zaintza kontuengatik enplegua aldi baterako utzi dutenei. Hiru langiletik bat, Escrivaren arabera. Ulertzen denez, hura izango da indarrean hogei urteetako trantsizioa bukatzen denean.
KOTIZAZIO HUTSUNEAK
Konpentsazioak, gora
Beren lan ibilbidean etenak dituztenek —emakumeak, batik bat— konpentsazio hobeak izango dituzte. Proposamenaren arabera, lehenengo lau urteetan estatuak %100 beteko lituzke kotizazio etenak, eta %50arekin gero. Gainera, besteren kontura lan egiten duten emakumeen kasuan, gutxieneko oinarriaren %100 bere gain hartuko luke bosgarren urtera arte, eta %80 seigarren eta zazpigarren urtera arte.
Horrez gain, genero arrakalaren osagarria %10eko igoera izango luke bi urtez, 2024tik 2026ra, urteko errebalorizazioarekin batera. Aurten 30,4 euro dira seme edo alaba bakoitzeko, 121 euroren mugarekin, eta batez ere emakumeek jasotzen dute.
KOTIZAZIOAK
Handitu egingo dira, batez ere soldata handienak
Pentsio sistemaren defizita estaltzeko tresna kotizazioak bi modutara handitzea izango da. Batetik, MEI belaunaldien arteko elkartasun errekargua handitu egingo da. Hasiera batean hamar urterako neurria da, baina orain 2050era heltzea da helburua. Aurtengo urtarrilean aplikatu da lehen aldiz, eta, horren bitartez, 0,6 puntu handitu dira gizarte kotizazioak —Gizarte Segurantza finantzatzeko soldatetatik ateratzen den zatia—: 0,5 puntu enpresaren zatia (kotizazio oinarriaren %24,1) eta 0,1 langileena (%4,8). Erreforma indarrean jartzen bada, beste 0,6 puntu haziko da: %24,6 pagatuko dute enpresek eta %4,9 langileek. Progresiboki igoko dute, hamarren bat urtean 2029. urtera arte.
Bigarrenik, handitu egingo da soldata handien gehienezko kotizazioa. Gaur egun urteko kotizazio oinarriaren 53.958 euroraino kotizatzen da —4.495 euro hilean—, eta hortik gorako zatiarengatik, ezer ez. 2024 eta 2050 bitartean urtero KPI gehi 1,2 puntu handituko da gehienezko oinarria, 70.000 eurora heltzeko (+%30) epe horren amaieran.
Gehienezko pentsioak ere handituko dira, baina motelago eta gutxiago: KPI gehi 0,0115 puntu urtero 2050erako, eta gehiago 2051-2065 epean.
Gainera, gobernuak elkartasun kuota bat proposatu du kotizatzen ez duten soldata handienen zatiarentzat. Modu progresiboan igoko litzateke hori, %1ekoa izango litzateke 2025ean, eta %6ra iritsiko litzateke 2045ean.
PENTSIO TXIKIAK
Errentaren %60
Sindikatuen eta ezkerreko bazkideen babesa lortze aldera, pentsio txikiak gutxika handituko dituzte. Bikotekidea sostengatu behar duenaren pentsioa bi helduren familia baten batez besteko errentaren %60 iritsi beharko du 2027rako.
CCOOk eta UGTk ontzat jo dute Escrivaren pentsio erreforma
CEOE erabat aurka azaldu da, gobernuak gizarte kotizazioak handituz orekatu nahi duelako sistema. Erretiratzen direnek kotizazio epea aukeratu ahal izango dute: azken 25 urteak edo 27 urterik onenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu