CCOOk dio Siemens Gamesako kaleratzeak «negoziatuak» izango direla

Sindikatu nagusiak enpresari proposatuko dio langileei beste lan bat emateko edo borondatezko kaleratzeak bultzatzeko. Jaurlaritzak esan du 255 kaleratuetatik 50 Zamudion kaleratuko dituztela.

Siemens Gamesak Zamudion (Bizkaia) duen egoitza. ARITZ LOIOLA / FOKU
Siemens Gamesak Zamudion (Bizkaia) duen egoitza. ARITZ LOIOLA / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko abenduaren 19a
16:45
Entzun

Kolpea ahalik eta leunena izatea. Helburu hori adostu dute Siemens Gamesako zuzendaritzak eta CCOOk, enpresan ordezkari gehien duen sindikatuak. Haren arabera, horren erakusle da Alemaniako multinazionalak hasieran iragarritako kaleratze kopurua murriztu izana.

Siemens Gamesak aste honetan jakinarazi du 430 behargin izan beharrean 255 kaleratuko dituela Euskal Herriko eta Espainiako bulegoetan. CCOOk azaldu duenez, bi urtean egingo dituzte kaleratze horiek. Espedientetik kanpo geratu diren lanpostuak, berriz, Siemens Gamesaren beste atal batzuetara mugituko dituzte. Eta sindikatuaren asmoa da geratzen diren 255 langileekin gauza bera egitea edo borondatezko kaleratzeen bidez gauzatzea.

CCOOk batzar birtuala egin du ostegun honetan langileekin, Alemaniako multinazionaleko zuzendaritzarekin egindako negoziazioaren xehetasunak emateko. Irailean hasi zituzten elkarrizketak. Kaleratze kopurua adostu ondoren, berregituratze plana beste fase batean sartuko da. Enpresak iragarri du urtarrilean aurkeztuko duela enplegua erregulatzeko espedientea. Behin hori eginda, 30 egun naturaleko epea irekiko da baldintzak negoziatzeko.

Jaurlaritza enpresa laguntzeko prest agertu da, turbina berriak erosiz eta parke eoliko gehiago egiteko baimenak emanez

Sindikatuak adierazi du bere helburua izango dela kaleratze traumatikorik ez egotea, eta lanean jarraituko duela horiek borondatezkoak izan daitezen edo langile horiek enpresako beste adar batzuetan jarrai dezaten. Kaleratze denak bulegoetan izango dira. Siemens Gamesak Euskal Herrian 2.100 langile ditu arlo horretan: 1.500 Sarrigurenen (Nafarroa) eta 500 Zamudion (Bizkaia). Bakoitzean zenbat langile kaleratuko dituzten ez du zehaztu ez enpresak eta ez CCOOk.

Eusko Jaurlaritzak, baina, eman du kopuru bat:  255 kaleratzeetatik 50 Zamudion izango dira. Horixe adierazi du Mikel Jauregi Industria sailburuak Zamudioko Parke Teknologikoan egindako ekitaldi batean. Jauregi kezkatuta agertu du Euskal Herrian sortutako enpresak duen «estutasunarekin», baina ziur agertu da egoera hori «koiunturala» dela eta buelta emateko gai izango dela.

Adierazi du sektore eolikoa hobera egiten ari dela Europan, eta Jaurlaritzak Siemens Gamesa lagunduko duela; besteak beste, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden parkeetarako turbina berriak erosiz eta instalazio berriak onartzeko baimenak emanez.

Produkzio plantetan adi

Gainerako plantetan ez da kaleratzerik aurreikusten, baina Asteasuko lantegian (Gipuzkoa), esaterako, ia lantalde osoari —190 langileetatik 170i— eragingo dien alde baterako enplegu erregulazio bat jarriko du martxan konpainiak. %30 eta %40 txikituko diete lanaldia. Zamudion ere izango du eragina: 78 langileetatik 46 geratu dira erregulazioaren menpe, eta %6 murriztu diete lanaldia.

Neurria urte eta erdi egongo da indarrean, eta horrek iraun bitartean, enpresak langabeziako ordainsariak osatuko ditu, soldataren %85eraino, eta aparteko ordainsarien eta oporren %100eraino.

Asteasun, gainera, 2024 amaieran iraungitzekoa den enplegu bermearen akordioa beste hiru urtez izango da indarrean, 2027ko abenduaren 31 arte. Izan ere, lantegi hori salgai dago 2022tik, Mungiakoa (Bizkaia) bezala. Produkzio alorrekoak dira bi planta horiek.

Siemens Gamesaren krisia 4.X eta 5.X turbinekin izandako arazo teknikoek eragin dute. 2023ko udatik etenda dago haien produkzioa eta 2025 amaierara arte ez dute aurreikusi berriro hastea. 6.000 milioitik gorako galerak pilatu ditu bi urtean, eta 2026ra arte ez du espero irabazietara itzultzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.