CCC formakuntza zentroko langileak daude Donostiako Zuatzu enpresa parkearen sarrerako biribilgunean, pankarta bat eskuetan. Hala dio: 50 langile kalera? Hainbat emakume txistuka eta oihuka ari dira: «Ez, ez, ez, kaleratzerik ez». Autoek bozina joka erantzuten diete, babesa eman nahian, eta aldarrikapenekin jarraitzen dute langileek: «Jada ez da hezkuntza, inbertsio funts bat da».
Telelana existitzen dela ere gogorarazi dute. Hain zuen, enpresak asteon jakinarazi du CCCren Donostiako egoitza Madrilera lekualdatu nahi duela, eta erabaki horrek kaleratze arriskuan jarri ditu 50 langile. Printzipioz, udan itxiko dute zentroa.
Haserrea eta ezin ulertua piztu ditu asmoak, eta langileak hura salatzeko mobilizazioetan ari dira, LAB eta CCOO sindikatuekin batera: «Deslokalizaziorik ez. Etorkizun duina nahi dugu».
Enpresak Madrilera joateko aukera eman die Zuatzun aritzen direnei, baina langileek esan dute hori «bideraezina» dela. Hala salatu du protestan dagoen emakume batek —ez du izenik eman nahi izan, «badaezpada», ondorioen beldur baita—: «Postu lekualdatze gisa mozorrotutako kaleratze kolektibo bat da».
Testuingurua eman dute. CCC urruneko irakaskuntza eskaintzen duen enpresa bat da, Donostian sortua, 1939. urtean; hots, duela 85 urte. Gaur egun, Zuatzun du egoitza, eta nagusiki 40 urtetik gorako emakumeek osatzen dute lantaldea.
85Zenbat urte dituen CCC enpresak. CCCk urruneko irakaskuntza eskaintzen du, eta Donostian sortua da, 1939. urtean; hots, duela 85 urte. Gaur egun, Zuatzun du egoitza, eta nagusiki 40 urtetik gorako emakumeek osatzen dute lantaldea.
Duela hamabi urte hasi zen egoera katramilatzen. Orduan, soldata %30 apaldu zieten langileei. Proposamena onartu egin behar izan zuten, langileak kaleratzea baitzen beste aukera: «Soldata murrizketa horri heldu genion, lanpostuei eusteko». Adierazi dutenez, orduko hartan ez ziren sindikatu, «beldurragatik, inozentziagatik, esperientzia faltagatik...».
Gerentea aldatu zuten ondoren, eta «kaleratze indibidualagoak» egiten hasi zen hura: «Soldatak ez dira inoiz hobetu, langileak estutzeko. Langileek alde egiteko beste modu batzuk bilatu zituzten, kalte ordainak ordaindu behar ez izateko».
Duela hiru urte, berriz, «kontuak onbideratuta eta departamenduak zituen soldata apalekin», Grupo Crescendo deituriko inbertsio funtsak «xurgatu» zuen enpresa, eta Madrilen lan zentro bat irekitzearekin batera, hara eraman zituen oinarrizko sailak (ikasleen arreta, informatika, kontabilitatea, marketina eta arlo komertziala).
Langileen arabera, inbertsio funts horrek eutsi egin dio soldatak ez igotzeko politikari: «Langileak nekatzen saiatu da, joan zitezen, eta leloa hauxe zen: ‘Ez bazaizu gustatzen, joan zaitez’».
Orain, goia jo du gatazkak. Duela bi aste inguru jakinarazi zieten langileei zentroa Madrilera lekualdatzeko asmoa. Kaleratze ezkutu bat da, argi eta garbi».
Prentsa ohar «zuritzailea»
Joan den astean ezagutarazi zuen CCC enpresak Zuatzuko zentroa ixteko asmoa, komunikatu baten bidez. Hartan jaso zuenez, erabakiaren helburua da «eraginkortasun operatiboa eta antolaketa hobetzea». Gaineratu zutenenez, espero dute langileek «positibotzat» jotzea lekualdatze kolektiboa, «Donostiako enplegu guztiak babestu» nahi dituztelako.
Langileen ustez, ordea, «zuritzailea» da enpresak kaleratutako oharra: «Lotsagarria da. 40 urtetik gora ditugu, eta orain ezinezkoa da 50 familia Madrilera tokialdatzea. Are gutxiago, murrizketen garai hartan ezarritako gutxieneko soldata horri eutsita».
Lekualdaketari uko eginez gero, oraingoz legezko gutxienekoa ordaintzea eskaini diete. Langileek azaldu dutenez, gutxienez kalte ordain duin bat izateko ari dira borrokan, «lan egindako urte guztiengatik, esfortzuagatik, eta enpresaren alde egindako apustuarengatik».
Hala ere, azaldu dute ez dutela ulertzen enpresaren erabakia: «Pandemian telelanean aritu ginen, eta salmentak igo egin ziren. Ez dugu ulertzen nola litekeen teleformakuntzan jarduten duen enpresa batek —ikasleak urruneko ikasketen bidez trebatu daitezkeela uste izanik— ez modurik ikustea langileak telelanean aritzeko».
LAB eta CCOO sindikatuek enpresaren jokabidea gaitzetsi dute, eta gardentasun gutxirekin aritu direla salatu.