Bakarrizketa

Carrefourren gerra deklarazioa

CARREFOUR - EROSKETA ORGAK
Carrefourren orgak, hipermerkatu batean. SEBASTIEN NOGIER / EFE
jokin sagarzazu
2024ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun
Irakurri dudanez, ez da Pepsi freskagarririk eta Lay’s markako patata frijiturik izango Carrefourrek Ipar Euskal Herrian eta Frantzian dituen dendetako apaletan.

Ostegun honetan kartel hauek jartzen hasi da apaletan: «Dagoeneko ez dugu marka hau [Pepsico] saltzen, prezio igoera onartezin baten ondorioz». Ez da lehen aldia Frantziako banaketa talde batek marka bat boikotatzen duena presio egiteko. 2018an, E. Leclercek Coca-Cola erretiratzeko mehatxua egin zuen. Mousquetaires taldeak Danoneren urak kendu zituen 2022ko udazkenean. Neurria gainerako herrialdeetara zabaltzeko asmoa agertu du Carrefourrek, Hego Euskal Herrira ere bai.

Zergatik orain?

Banatzaileak eta ekoizleak aurtengo prezioak negoziatzen ari dira, eta urtarrilaren 31ra bitarteko epea jarri die Frantziako Gobernuak. Giroa oso bero dago.

Antzeko kartel batzuk jarri zituen orain dela gutxi.

Bai, iazko irailean beste kanpaina bat hasi zuen Carrefourrek, Shrinkflation deiturikoa. Apaletan ohar hauek jarri zituen: «Produktu honen bolumena txikiagoa da, eta guri garestiago saldu digute». 26 produktu seinalatu ditu, gehienak Pepsicorenak eta Nestlerenak.

Zer dago atzean?

Carrefour taldeko presidente Alexandre Bompard Frantziako Gobernuarekin eta haren politika interbentzionistarekin lerrokatu da, eta hainbatean azaldu da Bruno Le Maire Finantza ministroarekin. Multinazional batzuen aurkako diskurtsoa gogortu du Bompardek, eta haiei leporatu die inflazioaren benetako eragileak izatea.

Baina zer diote datuek?

Ez datoz bat. Pepsicok eta Nestlek beren salmenta bolumenak eta irabazi marjinak murriztu dituzte lehengaiak eta energia garestitu zirenetik. Analista batzuen arabera, Bomparden jarrera justifikazio bat izan liteke akziodunen aurrean. Izan ere, lehiakideei baino okerrago joan zaio Carrefourri: 2022an Frantziako fakturazioa %3,4 bakarrik handitu zuen, inflazio tasaren oso azpitik.

Eta zein izango da hurrengo urratsa?

Badirudi Carrefour Mercadonaren estrategia jarraitzen ari dela. 2009an, Espainiako kateak zortziehun produktu erretiratu zituen bere marka zuriaren mesedetan, irabazi marjinak handitzeko.

Eliseoarekin lerrokatu dela esan duzu. Zergatik?

Batetik, gobernuak estrategikotzat du Carrefour. Hori dela eta, hainbat aldiz geldiarazi du taldea atzerriko inbertitzaileei saltzea. Bestetik, Carrefourrek Cora eta Match supermerkatu kateak erosi berri ditu, 1.050 milioi euroko balioarekin. Carrefour Frantziak azken hogei urteotan egin duen operaziorik handiena izan da, Bomparden hitzetan. Baina, aurrera eramateko, gobernuaren oniritzia behar du. Horrez gain, epe laburrean Eliseoak Carrefourren hainbat operazio erabakigarriren giltza izango du.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.