Carrefourrek ez du erosiko Uvesco

Salmenta operazioa bertan behera utzi du Gipuzkoako banaketa taldeak, Carrefourrek ez baitu eskaintza ofizialik egin.

Uvescoren emaitzen aurkezpenaren artxiboko irudi bat. JON URBE / FOKU
Uvescoren emaitzen aurkezpenaren artxiboko irudi bat. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko abenduaren 9a
14:45
Entzun

Eten egin da, oraingoz, BM eta Super Amara supermerkatuen salmenta. Haren jabeak, Irungo Uvesco taldeak, jakinarazi dio Carrefourri bertan behera utzi duela salmenta operazioa, Frantziako multinazionalak ez diolako erosteko eskaintza ofizialik egin.

Ekainean zabaldu zen Uvesco taldetik ateratzeko asmoa zuela haren akziodun nagusiak, PAI Partners funtsak. Erosle posible bat aipatu zen: Carrefour. Europako banaketa talderik handiena da Frantziako enpresa hori, eta Euskal Herriko merkatuan ere oso hedatuta dago.

Oraingoz behintzat Carrefourren atea itxita geratu den arren, PAI Partnersek azaldu du ez dituela bazterrean utzi salmentarako beste aukera batzuk.

Aukera horien artean izan daiteke Fernandez de Barrena familiak katearen kontrola berreskuratzea. Haiek saldu zizkioten akzioen %70 Pai Partnersi, 2021. urtean, negozioa hedatzeko kapitala behar zutela argudiatuta, baina duela aste batzuk zabaldu zen beste euskal enpresa batzuen laguntzarekin PAI Partnersen zatia erosteko elkarrizketak hasi zituztela. Operazio horretan laguntzeko prest azaldu da Eusko Jaurlaritza, ez baitu nahi beste euskal enpresa baten erabakigunea urruntzea.

Berrehun dendatik gora Euskal Herrian

PAI Partners Paribas bankuaren inbertsio atal gisa sortu zen Parisen, 1872. urtean, eta gaur egun 41 konpainiatan hartzen du parte. Horien artean dago Angulas de Aguinaga, 2020. urteaz geroztik, eta Froneri —Araiako izozki lantegiko jabea—.  Bere webgunean azaldu duenez, batez beste sei urte egon ohi dira enpresa batean handik atera arte. Uvescon epe hori laburragoa izango dela dirudi, PAI Partnersek aukera ikusten baitu bere inbertsioari etekina orain ateratzeko.

Euskal Herrian sortu zen Uvesco, eta, azkenaldian Madrilen asko zabaldu bada ere, Euskal Herria da taldearen negozioaren erdigune nagusia. Izan ere, taldeko 300 bat dendetatik 216 daude Hegoaldeko lau lurraldeetan: 106 Bizkaian, 64 Gipuzkoan —zortzi Super Amara markarekin—, 32 Nafarroan eta hamar Araban. 2023aren amaieran 6.000 langile zituen, eta horietatik 4.300 zeuden Euskal Herrian. Eroskiren atzetik, Uvesco da Hegoaldeko saltoki katerik handiena, %15 inguruko merkatu kuota baitu.

Langileen kexuak Gipuzkoako BM dendetan

PAI Partnersek Uvesco taldearen kontrola hartu zuenetik, langileen kudeaketak «nabarmen okerrera» egin duela salatu du DISUko enpresa batzordeak —izen ofizial hori du BMren supermerkatuen adarrak—. Haren arabera, oporrak dituzten langileak edo aparteko orduen ondorioz sortutako hutsuneak ez dira betetzen ari, eta, horren ondorioz, dendak ez daukate langile nahikorik. Gainera, langileen ordezkariek salatu dute 40 orduko kontratuak gutxitzen ari direla eta horrek langile eskasia areagotzen ari duela. Haren ondorioz, «enplegatuek bi langile edo gehiagoren lana» egin behar izaten dute, eta kalte fisiko eta psikologikoa eragiten die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.