Abeltzaintza

Caparrosoko makroetxaldea handitzearen aurkako helegitea aurkeztu dute ekologistek

Makroetxaldeen Aurkako Nafarroako Plataformak gobernuari eskatu dio baimena ukatzeko Valle de Odieta enpresak bere milaka behien ur zikinak arazteko egin nahi duen plantari.

Caparrosoko etxaldearen aurkako protesta, martxoan, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 5a
12:24
Entzun

Caparrosoko makroetxaldearen auzia Nafarroako Gobernuaren mahaira itzuli da. Makroetxaldeen Aurkako Nafarroako Plataformak bi helegite aurkeztu ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Kontseilaritzak behitegi erraldoiaren inguruan eman dituen azken ebazpenen aurka.

Helegiteek zerikusia dute etxalde hori handitzeko asmoekin. Behitegiaren jabeak, Valle de Odieta kooperatibak, esnetarako 3.500 behi zituen Caparrosoko etxaldean, eta Nafarroako Justizia Auzitegiak baimena eman zion kopuru hori bikoizteko, Nafarroako Gobernuaren debekua atzera bota ondoren. Baina orain are gehiago handitu nahi du abere kopurua: ugalketarako 7.900 behi, 2.172 txahal eta 1.300 bigantxa nahi ditu.

Espainiako Parlamentuak martxoan onartutako Abereen Ongizaterako Legeak gehienez 850 abelburuko etxaldeak baimentzen ditu, baina ez du atzerako eraginik. Nafarroako Gobernuak ere debekatu egin du etxalde handiak zabaltzea, baina eskaera debeku haren aurretik egin zuelako jaso zuen baimena Valle de Odietak.

«Irtenbide magiko teknologikoa»

Baimena lortze aldera, abere horiek sortzen dituzten hondakinak tratatzeko proiektuak aurkeztu zituen Valle de Odietak. Horien artean dago abereen hondakin urak eta digestato likidoa garbituko duen araztegi bat eraikitzea. Ekologistek, baina, uste dute «irtenbide magiko teknologiko bat» dela enpresak proposatutakoa, eta horregatik eskatu diote gobernuari baimena kentzeko.

«Ezinezkoa da proiektuan deskribatzen diren tekniketako bakar batek ere modu eraginkor eta errentagarrian araztea, banaka zein taldean, 3.000 miligramo nitrogeno baino gehiago dituen likido bat, eta litroko 100 miligramo besterik ez duen ureztatze ur bihurtzea», dio Makroetxaldeen Aurkako Nafarroako Plataformak. Azaldu duenez, hiriko hondakin urak tratatzeko erabiltzen diren teknikak dira kooperatibak proposatutakoak, baina hori egitea espresuki debekatu du Europako Batzordeak, oxido nitrosoa isurtzeko arriskuarengatik.

Gainera, ekologistek argudiatu dute lor zitekeen urak ez lukeela balioko ureztatzeko.

Ingurumenaren aldeko hamabost talde biltzen ditu Makroetxaldeen Aurkako Nafarroako Plataformak; besteak beste, Sustrai Erakuntza, Ekologistak Martxan, Greenpeace eta Landare.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.