Caparrosoko etxaldeak baimendutakoa baino 300 abere gehiago ditu

Valle de Odieta jabeak 11.372 abelburu izateko baimena eskatu du, uste baitu Espainiako Gobernuaren debekuak ez diola eragiten

Caparrosoko makroetxaldeak gaur egun 7.900 abere ditu. AITOR GARMENDIA / FOUR PAWS.
itsaso jauregi 2
2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Europako behitegirik handiena Euskal Herrian dago, Caparroson (Nafarroa) zehazki. Egungo Ingurumeneko Baimen Bateratuaren arabera, Valle de Odieta kooperatibaren makroetxaldeak 7.200 esne behi esplotatzeko baimena du, baita 600 zekor eta 40 eguneko txahalak ere. Hala ere, irregulartasun bat atzeman da enpresak animalia kopurua handitzeko eskaria egitean aurkeztutako dokumentazioan: enpresak 7.620 animalia izateko baimena du, gutxi gorabehera, baina azken dokumentuetan adierazten da makroetxaldeak 7.900 abere dituela gaur egun.

Sustrai Erakuntza fundazioak salatu du Valle de Odietak bere instalazioak legez kanpo handitu dituela, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio salaketa egiaztatzeko eta zuzentzeko: «Aurkeztu duten dokumentazioan jadanik ezkutuko handitze bat sartu dute, eta, ziur aski, dagoeneko ezarrita izango dute. Abere kopurua gainditzeaz gain, litekeena da legediak baimentzen duena baino pabiloi handiagoa ere izatea makroetxaldeak gaur egun».

Aurkeztutako dokumentuetan ikus daiteke lur eremua ere moldatu dutela, planoetan arazketa horretarako erabiliko liratekeen instalazioen zati bat aurkezten baita. Sustrai Erakuntza fundazioaren arabera, instalazio horietako batzuk jadanik eraikita daude, eta aireko argazkien bidez egiazta daiteke: «Ziurrenik lizentziarik gabe eraikitako instalazioak izango lirateke hauek, gobernuak oraindik ez baitu onartu arazketa proiektua».

Nafarroako Gobernuari abere kopurua zabaltzeko aurkeztu duten eskarian abere kopurua gehiago handitu nahi dute: 11.372 abelburu izatera iritsi nahi dute, gaur egun izan beharko lituzkeenak baino %27 gehiago, alegia. Hala ere, horrek talka egiten du abenduaren 27an Espainiako Gobernuak onartu zuen dekretuarekin. Izan ere, horren arabera, ustiategi batek ezin ditu 850 behi baino gehiago izan. Hala ere, dekretua indarrean sartu baino lehen martxan dauden enpresek, 850eko kopurua gainditzekotan, kopuru horri eusteko eskubidea dute, baina ezingo dute inola ere handitu.

Valle de Odietak gainditu egiten du ezarritako kopurua. Sustrai Erakuntza fundazioak hauxeesan du: «Enpresak kontrolatu behar du instalazioak eta hango abere kopurua bat datozela egungo legeak dioenarekin. Nafarroako Gobernuak zerbait egin beharko luke enpresak legez kanpoko jarduera hau aurrera eramatea eragozteko».

Enpresaren aurrekariak

Ez da Valle de Odieta enpresaren lehenengo irregulartasuna. Nafarroako Gobernuak 11 zehapen espediente ireki dizkio azken urteotan baimenik gabe abereak hartzeko pabiloi berriak eraikitzeagatik, eta abere gehiago hartzeagatik. Horretaz gain, Sustrai Erakuntza fundazioak iazko maiatzean enpresaren aurkako alegazio bat aurkeztu zuen, nitrogeno askoko likido bat ureztatzeko erabiltzen zutelako, ur purua zela esanda. Berez, enpresak 145.000 tona hondakin sortzeko baimena du, baina azken urteetan gainditu egin du kopuru hori: 2018an, simaur, minda (txiza eta gorotzaren nahasketa) eta ur zikinak kontatuta, 174.900 tona hondakin bildu zituen.

Sustrai Erakuntza fundazioaren arabera, baimenik gabe hartutako azken erabakiek ingurumenean ere eragina izanen dute: «Berriro ere erakusten da enpresak gauzatutako egitateen bidez jarduten duela. Instalazioa handitzeko erabakia hartu, obrak egin, eta abere kopurua handitu. Azkenik, baimena eskatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.