CAN beretu du jada Caixak

Nafarroako Kutxaren kontseiluan, 19 kidek bozkatu dute Caixabankek irenstearen alde, eta bik kontra, horien artean LABekoak1.500 lanpostu galduko dira, borondatezko kaleratzeen eta erretiro aurreratuen bidez

Enrique Goñi (eskuinetik bigarrena) Nafarroako Kutxako kontseilari ordezkaria, atzoko batzarrean. L. F. ARROIABE / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Agur Nafarroako Kutxa, adio Banca Civica. Amaitu da historia garaikideko finantza operazio zentzugabeenetako bat. Nafarroako Kutxaren organo gorenak, kontseilu nagusiak, atzo ia aho batez erabaki zuen bere boterea Bartzelonara eramatea eta hemendik aurrerako erabakiak handik hartzea. Emaitza historikoa: 19 boto alde eta 2 aurka. Alde bozkatu zutenek Caixak kutxa osoa 157 milioiren truke erostea eta talde handiago bateko %1 eskas bat bihurtzea onartu zuten. Ez zuten beste erremediorik, baina azalpenak eman ordez, komunikabideei operazioaren abantailak goraipatzen dituen ohar bat bidali zion CANek, gizarte lana «sendotu» egingo dela esanez.

De facto, behin operazioa gauzatuta, Banca Civica banku gisa desagertu egingo da, eta orain arte hura osatu duten lau aurrezki kutxak Caixabanken akziodun bihurtuko dira. Nafarroako Kutxak, kasu, %1 izango du. Banca Civican sartu aurretik kontu liburuetan 1.300 milioi euroko baliabide propioak aitortzen zituen CANek, eta hiru urte geroago 157 milioi euroren truke erosi du Caixabankek. Horrek laburbiltzen du Banca Civicaren barruan jasan duen gainbehera.

Kontseiluan, beretzearen aurka bozkatu dutenetako bat LABeko ordezkaria izan da. Gaizka Uhartek kontseiluan salatu egin du Banca Civica «negozio txarra»izan dela CANentzat. Uhartek gogora ekarri du duela urtebete kontseilu horren gehiengoak CANen negozioak Banca Civicara igorri eta burtsara ateratzearen alde botoa eman zuela; orain, berriz, Civica «desegitearen alde» bozkatu du gehiengo horrek. Urtebete horretan CANek merkatu kuota galtzeaz gain balioa galdu duela azpimarratu du. «Abentura ero horren sustatzailea» izan den Enrique Goñi soilik jo du irabazletzat, eta Nafarroak «finantza tresna bat izateari» utzi diola salatu du.

Goñiren 'eskuzabaltasuna'

Operazio horren arkitektoak ez du dimisiorik aurkeztu. Enrique Goñi CANeko kontseilari ordezkaria orain Caixabankeko kontseiluko kide izango da. Iaz, 1,2 milioi euro inguru irabazi zituen Banca Civicako presidente gisa. Orain, berriz, kontseilu horretako kide izateagatik jasoko duen diru sari guztia CANi emango diola jakinarazi du. Aurreko urteetan jaso dituen soldata oparoarekin ez du gauza bera egingo. Izan ere, autokritikarik ez dago CANen goi organoetan, eta Goñiri azalpenak eskatu ordez, haren lana goraipatu da. Oharrak dioenez, kontseilu nagusiko kideek «aho batez eskertu diote Goñiri bere ibilbide osoan egindako esfortzu profesionala eta pertsonala».

Lan arloko neurriak

Ezinbestean CANeko kontseilu nagusiak operazioari oniritzia ematen zion bitartean, Banca Civicako sindikatuen gehiengoak bi akordio izenpetu ditu: bat egitearen ingurukoa eta lan arlokoa. Plana onartu dutenen artean, CCOO eta UGT daude. LABen irudiko, plan hori txarra da Banca Civicako langileak lantokiz aldatzera behartuko dituztelako.

Xehetasun gehiagoren faltan, Caixabankek irentsi berri duen Banca Civicako egituratik 1.500 lanpostu kentzeko asmoa du. Batetik, Caixabankek erretiro aurreratuen bidetik joko du: gutxienez sei urtez lan egin eta 1957 eta 1958 artean jaio diren langileen erretiro aurreratua bilatuko da. Bi urteotan, 1.100 langilek hartu dute erretiro aurreratua Banca Civican, eta, orain, beste 1.100 langilek erretiro aurreratua hartzea nahi dute; Nafarroako Kutxan ehun langile ingururi eragin diezaieke. Gainera, borondatezko kaleratzea eskainiko dute: uztailaren 15a baino lehen egiten dutenek lan urteko 45 egunera arteko kalte-ordaina jaso ahal dezakete, eta, epe horretatik aurrera, 35 egunekoa.

Urtebeterako borondatezko kontratu eteteak ere ezarri nahi ditu Caixabankek. Dena den, erretiro aurreratuen bidez zein kaleratzeen bidez 1.200 lanpostu kentzen ez badiztuzte, kontratu eteteak bere kabuz ezarriko ditu bankuak.

Era berean, Caixabankeko langileen baldintzekin parekatzeko prozesua irekitzen da. Baldintzak hobetzen diren kasuan, bost urteko epea ezarri da. Akordioek ez dute zehazten zenbat bulego itxiko diren. LABeko iturrien arabera, Caixaren egiturari erreparatuta, CANen egoitza nagusiko zerbitzu gehienak kendu egingo dira. Nafarroako Kutxako langile batzuk lantokiz aldatzera behartuko dituzte, eta horietako gehienak Kataluniara bidaliko dituzte. Kezka azaldu du sindikatuak, eta langileen artean urduritasuna dagoela onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.