Caixabanken bulegoen itxierak 135 kaleratze eragingo ditu Hegoaldean

Bankiarekin bat egin eta gero, finantza entitateak plan bat martxan jarri du lantaldearen ia %19 kaleratzeko: 8.291 langile. Bankuak giharra irabazten ari dira lan kostuak murriztuta, bat egiteen bidez

xabier martin
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Pandemiaren aroan, Espainiako finantza sektoreak azkartu egin du zerbitzuak atal elektronikora bideratzeko eta bulego fisikoak ixteko estrategia. Caixabank, sektoreko beste handiak bezala, buru-belarri dabil lan kostuak soldatapekoen bizkarretik murrizteko ekinean, eta, Bankiarekin bat egin ondoren, bere historiako kaleratze kolektibo handiena iragartzeko une egokia dela deliberatu du, joan den astean iragarritako berregituraketari zenbakiak jarrita. Ia %19 argalduko du lantaldea; alegia, 8.291 langilek utziko dute bankua 1.534 bulego itxita, eta horietatik 135 Hego Euskal Herrian izango dira: 66 Nafarroan, 24 Araban, 23 Bizkaian eta 22 Gipuzkoan. Euskal Herrian presentzia handia du Caixabankek, batez ere Nafarroako Kutxa bereganatu zuenetik—Nafarroan, 840 langile ditu, eta Euskal Herri osoan, 1.800—. Baina, proportzioan, kaleratze gutxiago izango dira Hegoaldeko lau lurraldeetan, hemen Bankiak ez duelako sare handirik.

Bankia irentsi ostean, Caixabankek 44.400 langile dauzka, orotara, 5.639 bulegotan. Bulego horien %27 itxiko ditu bankuak, «bikoizketak saihesteko eta sinergiak aprobetxatzeko», eta horietan jarduten duten 8.291 langilek lanpostua galduko dute, kontratuak eteteko erregulazio baten ondorioz. Diru publikoarekin erreskatatutako banku batek eskaintzen dizkio sinergiak Caixabanki. Ezin da ahaztu Espainiako Estatuak soilik 3.303 milioi euro berreskuratu dituela, 2012. eta 2013. urteetan Bankia erreskatatzeko erabilitako 24.069 milioi euroetatik.

BBVA eta Santander ere bai

Caixabank baino lehen, beste banku batzuek iragarri dituzte murrizketa handiak lantaldeetan, kaleratzeen bidez eta erretiro aurreratuen bidez; esaterako, BBVAk iragarritako erregulazioaren xehetasunak ezagutuko dira aste honetan, seguruenera. Santanderrek ere iragarria dauka 3.500 langile kanporatzeko plan bat. Kontzentraziorako joera gero eta nabarmenagoa da bankuen Espainiako sisteman, eta neurria irabazteko bat egiteek bulegoak ixtea dakar, hau da, kaleratzeak.Caixabankek bide hori hartu du, baina, gainera, baztertu egin ditu erretiro aurreratuak, eta, adinari dagokionez, esplikatu du 50 urtetik gorakoen eta beherakoen arteko oreka bilatuko duela erregulazioko zerrenda osatzeko, gaineratuta pizgarrien bidez langileek lanpostua beren borondatez utz dezaten saiatuko dela.

Dena den, zuzendaritzak azaldu die sindikatuei ez badu lortzen kaleratze guztiak borondatez izatea merituen irizpideek finkatu dituztela kaleratzeak, «talentuari eusteko». Edonola ere, urteko bigarren hiruhilekoa amaitzerako bukatua nahi du negoziazioa, lantaldea udararako murriztu dezan.

Jose Ignacio Goirigolzarri presidente eta Gonzalo Gortazar kontseilari ordezkari dituen entitateak 623.800 milioi euroren aktiboak dauzka Espainian, eta horrek penintsulako bankurik handiena bihurtu du.

Enplegu erregulazioa ez ezik, bankuan geratuko diren langileen baldintzak ere negoziatu nahi ditu Caixabankek. Ziurtatu du ez duela kaleratze traumatikorik nahi, baina kalte ordainei buruzko baldintza jakin batzuk ezagutarazi ditu. CCOO da sindikatu nagusia bankuan: bost kide izango ditu negoziazio mahaian.

Kalte ordainak

Lau taldetan banatu ditu Caixabankek bankua utziko duten langileak. 63 urtetik gorakoentzat, urteko hogei eguneko kalte ordaina proposatu du, gehienez hamabi ordainekin. 58 eta 63 urte artekoentzat, hamabost urteko antzinatasuna badute, pentsioaren sariaren erdia proposatu du, langabezia saria deskontatuz. Hirugarren taldean, 55 eta 58 urte artekoak sartu ditu. Haientzat soldataren erdia proposatu du kalte ordain gisa, hamabost urteko antzinatasuna badute, eta bi urteko ordainek finkatuko dute gehienezko kopurua. Gainontzeko kaleratuei, soilik urteko 25 eguneko kalte ordaina eman nahi die bankuak, hemezortzi hilabeteko gehienezkoarekin.

Itxiko dituzten 1.534 bulegoei dagokienez, kokaturik dauden herrien neurria izango da itxi ala eutsi erabakitzeko irizpide bat; beste bat, bi bulegoren arteko tartea. Haien negozio kuota ere kontuan hartuko du zuzendaritzak. Izan ere, bulego handiagoak eta espezializatuagoak nahi ditu bankuak. Gaur arte ezagutzen diren banku bulego tradizionalak galtzeko bidean daudela esan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.