Nafarroako Kutxaren abentura laster amaituko da. 2009ko urrian CajaCanariasekin bat egin zuenetik, haren eragin eremua txikituz eta urrunduz joan da urratsez urrats. Gaur egun, Banca Civicaren %16 baino ez du aurrezki kutxak, eta laster hutsaren hurrena izan daiteke. Azken finantza erreformaren ondorioz, 2.000 milioi euroren beharrean dago Banca Civica, eta, bere kabuz kapital hori lortzerik ez duenez, ezinbestean, talde handiago batek beretuko du. Gakoa da nork egingo duen. Zurrumurru askoren erdian, Caixabank-ek atzo baieztatu zuen Banca Civica erostea aztertzen ari dela. Hala ere, argi utzi zuen ez duela oraindik bankuaren gaineko baloraziorik egin, ezta proposamen zehatzik egin ere botere kuotari buruz.
Azken egunetan sortu diren zurrumurruak direla-eta, CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari igorritako oharraren bitartez baieztatu zuen albistea Caixabankek. Hala ere, oraingoz ez dago albiste ofizialik. Ohar horretan, Caixabankek dio Banca Civicaren kontuen gainezko ikuskaritza zorrotz bat —erosketa bat egin aurreko azterketa, due dilligence delakoa— egiten ari dela. Helburua da aztertzea zer arrisku, zer balizko galera eta oro har zer finantza osasuna duen Banca Civicak. Albiste hori ikusirik, burtsan bankuko akzioak %4 igo ziren, baina azkenean %1,1 behera egin eta 2,29 euroan amaitu zuten.
Otsailaren hasieran Espainiako Gobernuak ezarritako finantza erreformak behartu egiten ditu finantza erakundeak higiezin sektoreari lotutako kredituen arriskua estaltzeko kapital gehiago ezartzera. Erreformak orain arteko kapital baldintzak zorrozten ditu. Banca Civicak hasiera batean kalkulatu zuen 575 milioi euro beharko zituela, baina gerora otsailaren erdialdera onartu zuen 2.031 milioi euro beharko dituela. Lehentasunezko partaidetzak salduta, aurten 1.150 milioi lortzeko asmoa dauka, baina hori jada ez da aski izango.
Hortaz, bazkide handiago bat behar du, bai ala bai. Denbora gutxi dauka. Espainiako Gobernuaren finantza erreformak behartu egiten ditu erakunde guztiak martxoaren 31rako zehaztea nola beteko dituzten ezarritako irizpide berriak. Gainera, Espainiako Bankuak duela gutxi agindu du hornidura berriak ez direla erakundearen ondaretik atera behar, irabazietatik baizik. Banca Civicaren kasuan, esan nahiko luke irabaziak izan ondotik galera handiak izan ditzakeela.
Banca Civica irentsiko lukeen bazkide handiago horren bila, ofizialki atera den lehen izena Caixabankena da. Nafarroako lehendakari Yolanda Barcinak iragan astean Isidro Faine La Caixako presidentearen bildu zen, eta gerora onartu zuen Caixak Banca Civicarekin bat egiteko aukera zegoela. Dena dela, atzoko oharrak erakusten duen legez, Caixabank kontuak ondo aztertzen ari da. Gainera, ez da bere aukera bakarra, begi onez ikusten baitu Nova Galicia eskuratu ahal izatea.
Kutxabank eta Aragoiko Ibercaja dira ezkutuan diren beste hautagaiak. UPNk politikoki oso begi txarrez ikusten du Kutxabanken aukera, baina oraintxe ez Nafarroako Kutxa kontrolatzen duen alderdia ez Banca Civicako gestoreak ez daude baldintza asko ezartzeko tenorean. Zenbait informazioren arabera, Ekonomia Ministerioak ez du gaizki ikusten Kutxabanken aukera, kapital nahikoa baduelako Banca Civicaren galerak estaltzeko eta, horrenbestez, diru publikorik ez litzatekeelako jarri behar. Kutxabank oraingoz geldirik dago.
Caixabankek Banca Civica erosteko nahia agertu du
Banca Civicak 2.031 milioi euro gehiago behar ditu, eta talde handiago batek beretu behar du, ezinbestean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu