Berriro ere metaforekin zatoz.
Badakizu, kazetariok gustuko ditugu metaforak. Uste dugu irudiak lagungarriak direla gertaerak azaltzeko.
Zer parentesiri buruz ari zara?
2017ko urriaren 6an, Katalunian independentziaren aldeko mugimendua gori-gori zegoenean, Caixabank taldeak erabaki zuen tokiz aldatzea bere egoitza nagusia eta hari lotutako Criteria holdingaren eta banku fundazioaren egoitzak: lehena, Valentziara; beste biak, Palmara. Segurtasun juridikoa falta zela azaldu zuten. Orain, Criteriaren eta fundazioaren egoitzak Bartzelonara itzuli ditu.
Esan nahi duzu procés delakoa parentesi hutsa izan dela?
Ez, noski; baina Caixabankek aditzera eman nahi izan du garai politiko bat amaitu dela.
Banku bat politika egiten... Zer ondorio material ditu?
Praktikan, deus gutxi. 2017an egoitzak aldatu zituenean, langileek Katalunian jarraitu zuten. Funtsean, egitura txiki bat aldatzen da, eta han egiten dira administrazio kontseiluak. Balio sinbolikoan datza aldaketaren indar nagusia: ekonomian eragiteko ahalmena Bartzelonara itzuli da.
Egoitza nagusia ekarriko al du bederen?
Ematen du ezetz. 2020an Bankia beretu ondotik, zailago zaio egoitza aldatzea. Gauza bat dira Criteria eta banku fundazioa, eta bestea bankua bera. Ez du balio sinbolikoekin jolasean ibili nahi.
Hain garrantzitsuak al dira Criteria eta fundazioa?
Bai. 30.000 milioi euroko ondarea kontrolatzen duen enpresa holding bat da. Partaidetza garrantzitsuak ditu: Telefonica, Agbar, ACS, Naturgy... Higiezinen arloan, 2.500 milioi euroren aktiboak ditu, eta arrisku kapitaleko funts handi bat ere bai. Banku fundazioa, berriz, Criteriaren jabe da, eta Caixabanken akzioen %31 ditu.

Caixabank izan al zen egoitza aldatu zuen bakarra?
Ez. Lehenetarikoa izan zen, Sabadell bankuarekin batera. Geroago, askok jarraitu zioten atzetik.
Caixabank izan al da itzultzen lehena?
Ez. 2018an, Aguas de Barcelona izan zen lehena. Azken bi urteetan bide bera hartu dute Red Points-ek, Ordesa laborategiak eta Cementos Molins-ek.
Pozik egongo da orduan Pedro Sanchez.
Bai. Espainiako Gobernuak iragarri du horrelako albiste «gehiago» etorriko direla. Politikoki, normaltasuna itzuli den ideia indartu nahi du. Ekonomikoki komeni zaio, Kataluniako Generalitatearen apustu ekonomikoa indartzen duelako.
Eta benetan enpresa gehiagok egingo dute hori?
Enpresa handi askok iragarri dute ez dutela gaia aztertu. Zeinu grafikoekin jarraituz, hiru puntuekin amaitu beharko...