CAFeko langileek amiantoaren aurkako protokoloak berritzeko eskatu dute

Langileek lanuzteak egin dituzte. Beasaingo enpresan 61 lagun hil dira amiantoarekin kontaktua izateagatik.

CAFeko langileak, astelehen honetan Beasainen egin duten manifestazioan. CAFeko langile batzordea
CAFeko langileak, astelehen honetan Beasainen egin duten manifestazioan. CAFeko langile batzordea
asier gonzalez de san pedro
2024ko apirilaren 29a
13:28
Entzun

CAFeko langileek lanuzteak antolatu dituzte gaurko —goizeko txandan bi ordukoa eta arratsaldekoan beste bikoa—, amiantoaren aurkako Europako protokoloa berritzeko eskatzeko. Beasaingo multinazionalak mea horren erabilera debekatu zuen duela 23 urte, baina enpresa ireki zutenetik 61 langile hil dira, langile batzordeak gogoratu duenez. 

Gaur egun, CAFen ez dute amiantorik erabiltzen, baina 1990eko hamarkadara bitarte ohikoa zen han ekoitzitako trenetan isolatzaile gisa erabiltzea. Lantegietako azpiegitura batzuetan ere azaldu da. 

Ez da lehenengo aldia CAFeko langileek amiantoaren protokoloaren aurka protesta egiten dutena. Enpresak amiantoa kentzeko plan bat du, baina, langile batzordeak salatu duenez, ez da behar bezala aplikatzen. Iazko abuztuan Beasaingo fabrikan gertatutakoa jarri dute adibide gisa: zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren nabeen teilatuen amiantoa aurkitu zuten, horiek eraberritzen ari zirela, eta langileak etxera bidali zituzten. Baina amiantoa aurkitu eta astebetera agindu zuen hori enpresak, Osalaneko teknikariek aurkikuntza berretsi zutenean. Tarte horretan langileak kutsatzeko arriskuan egon zirela salatu zuten orduan sindikatuek. 

Horrez gain, langile batzordeak amiantoaren biktimak konpentsatzeko funtsa ekarri du gogora beste behin, eta eskatu dute «behingoz onartu dezatela eta martxan jar dezatela».

Aurreko mendean industria ugarik erabili zuten amiantoa. Osalanen arabera, masotelioma gaitza dutenen %80k harreman zuzena izan dute amiantorekin. Masotelioma biriketako minbizi mota bat da.

Aitortzarako arazoak

Asviamie Araba, Bizkai eta Gipuzkoako amiantoaren biktimen elkarteak ohartarazi du Gipuzkoako Gizarte Segurantza larriki gaixotutako hainbat lagunen espedienteak «blokeatzen» ari dela, nahiz eta onespen taldeak duela hamar hilabete lanerako ezintasun absolutua emateko oniritzia eman. «Itxura guztien arabera, gaixotutakoak noiz hilko diren itxaroten ari dira, kalte erreklamazioak oztopatzeko, edo kalte ordaina txikiagoa izan dadin».

Osakidetzako langile batzuen jarrera «jasanezina» ere salatu du. Haren arabera, Osalani ez diote abisatzen paziente bati minbizia edo arnas gaixotasunen bat diagnostikatzen diotenean, ezta laneko gaixotasun bat duela uste dutenean ere. Gainera, gehitu dute gaixorik dagoenari informeak aurkezteko epe luzatu egiten dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.