CAF taldeak kontratu bat sinatu du Alemaniako Bonn hiriko eta inguruetako garraio zerbitzua eskaintzen duten operadoreekin LRV motako trenak egin eta ibilgailuen piezak hornitzeko. Guztira, 22 LRV (Light Rail Transit) tren arin egingo ditu, baina etorkizunean beste hamar ere egiteko aukera jasotzen du akordioak.
Stadtwerke Bonn Verkehrs GmbH (SWBV) eta Elektrische Bahnen der Stadt Bonn und des Rhein-Sieg-Kreises GmbH (SSB) enpresek kudeatzen dute Bonn hiriko tren garraioa, eta zerbitzua eskaintzen dute hiria Koloniarekin lotzen duten linea batzuetan ere. Baina trenen maiztasuna eta bidaiari kopurua handitu egingo direla eta, LRV motako ibilgailu gehiago erosiko dizkio CAFi.
Metroaren eta tranbiaren arteko nahasketa bat da LRV trena: trenak tranbia itxura du, baina haiek baino gaitasun handiagoa dauka, eta azkarrago mugitzen da. Alemaniarako egingo dituztenak zoru altukoak eta bi noranzkoetakoak izango dira, martxan dauden ibilgailuen antzekoak.
Ez da Beasaingo konpainiak azkenaldian Alemaniako Ipar Renania-Westfalia estatuan lortu duen kontratu bakarra. Antzeko beste bat irabazi zuen iazko ekainean, Essen eta Muelheim an der Ruhr hirietan zerbitzua eskainiko duten 51 LRV tren egiteko. Antzeko ibilgailuak dira guztiak ere, eta, CAFen iritziz, horrek agerian uzten du ibilgailu mota horren arrakasta.
Autobusak Madrilerako
Beste kontratua Espainiako hiriburuan irabazi du CAFek: 60 autobus elektriko egingo ditu Madrilgo EMTudalgarraio enpresarentzat. Solarisen Urbino 12 motako autobusak dira; hamabi metro luze dira, eta 80 bidaiarirentzako tokia dute.
Iaz ere egin zuten akordioa bi aldeek, gas naturala erabiltzen duten beste 250 autobus egiteko. Hori dela eta, eskari berriak baieztatu egiten du ibilgailuak berritzeko EMT enpresak Solarisengan jarritako konfiantza, CAFen ustez.