Enpresak

CAFek Poloniako Solaris autobus ekoizlea erosi du, 300 milioiren truke

Beasaingo trengileak "apustua sendotu du" autobus elektrikoen negozioaren alde.

Poloniako Solaris konpainiaren Urbino modeloa, autobus elektrikoa. SOLARIS
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 3a
06:57
Entzun

"Tren arloaz harago joanda, CAFek hiriko mugikortasuneko irtenbideetan liderra sortuko du Solarisekin batera, bereziki, e-mugikortasunaren arloan". CAFeko presidente Andres Arizkorretak ohar bidez azaldu ditu Poloniako Solaris autobus konpainia erosi izanaren onurak. Erosketa 300 milioi euro ingurukoa izango da, eta CAFen zor gehigarriaren bidez finantzatuko da.

Beasaingo trengilea Gipuzkoako enpresarik handiena da, eta azken operazio horrekin "aurrerapauso handia" eman du Vectia Mobility filialaren bidez autobus elektrikoen merkatuan hasitako bidean. Poloniako enpresa bereganatuta, CAFek mugikortasun elektrikoa eta atez ateko garraio multimodaleko zerbitzuak indartu nahi ditu, autobusen segmentuan merkatuko liderretako bat bihurtuz.

Arizkorretak nabarmendu du Solarisen egindako inbertsioak baieztatu egiten duela CAFek "modu errentagarrian hazteko" daukan konpromisoa, eta merkatu estrategiko berriak irekitzekoa.

Solaris 1996an sortu zen, eta 32 herrialdetako 700 hiritarako baino gehiagotarako egin ditu autobus arruntak eta elektrikoak. Iaz, 450 milioi euro inguru fakturatu zituen; Polonian bi produkzio lantegi dauzka (Bolechowo eta Sroda hirietan), eta 2.300 langile baino gehiago. Solarisko presidente Solange Olszewskak adierazi du CAFen erosketak "etorkizun handia" bermatzen duela Solaris markarentzat, haren bezeroentzat eta bertako langileentzat. Iaz, esate baterako, Solarisen Urbino autobus elektrikoak 'Urteko Autobusa' aipamena eskuratu zuen.

Osagarri moduan

CAFek azaldu du Solarisen marka, merkatua, eskulana eta teknologia Vectia filialak azken urteetan hiriko garraio irtenbide hibridoekin eta elektrikoekin lotuta egindako lana osatzeko erabiliko dela: "Solarisekin adostutako akordio horrek hazten ari den merkatuan produktuen gama osoa eta zabalena eskaintzeko aukera emango du, eta, bereziki, e-mugikortasuna izeneko esparruan".  Sinergiei esker, CAFen zuzendaritzak uste du bezeroei eskaintza osoagoa eman ahal izango diela, eta finantza eta teknologia arloko gaitasun handiagoa izango duela lizitazioei eta garapen teknologikoei (I+G) aurre egiteko garian.  

Beasaingo konpainiak 2013an sortu zuen autobusen adarra, Vectia, eta autobus hibrido eta elektrikoen hiriko sistemak hornitzeaz arduratzen da. Iaz, adibidez, Gasteizko hiriko hamar autobus hibrido hornitzeko kontratua sinatu zuen, 3,3 milioi eurokoa. Autobus horiek 2018 eta 2019 artean iritsiko dira Arabako hiriburura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.