CAFek irabazitako Parisko kontratu handia epaitegietara bidean doa

RATP eta SNCF operadoreek neurri judizialak hartzeko mehatxua egin diote Alstomi. Beasaingo enpresak enkargua betetzeko asmoa du

Jende andana Parisko metroko bagoietako batean sartzen, iazko urte hasierako irudi batean. YOANN VALAT / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Parisko tren kontratu handiak soka luzea ekarriko duela dirudi, eta, aldeen jarrerak aldatu ezean, litekeena da Frantziako epaitegietan argitzea zeinek hartuko duen. Bestela esanda, epaile batek erabakiko du CAFek ere parte hartuko duen. Izan ere, kontratuaren lizitatzaileek, RATP Parisko garraio publikoaren kudeatzaileak eta SNCF Frantziako trenbideenpresa publikoak Alstom auzitara eramateko asmoa plazaratu dute, prozesua moteltzen ari diren helegiteak kentzen ez baditu. Ohar bidez azaldu dutenez, «neurri judizialak hartzeko prest» agertu dira Alstom kontratua betetzera behartzeko.

CAF, bien bitartean, zain dago. Informazio gehiago izan arte adierazpenik ez egitea erabakidu Beasaingo (Gipuzkoa) enpresak. Hori bai, emaniko azalpen bakarrean berretsi du enkargua betetzeko asmoa duela. Zuhurtziaz mintzatzea normala da, itxura guztien arabera partidak Parisko auzitegi batean jarraituko duelako, eta bi aldeen arteko giroa asko gaiztotu da azken egunetan.

2.560 milioi euro eta 146 treneko kontratua ez da txikikeria, eta eztabaidak eremu politikora egin du jauzi. Valerie Pecresse Ile de France eskualdeko presidenteak hitz gogorrak egin zituen atzo Alstomen aurka: «Eskandalugarria da darabilen blokeo estrategia. Bere hitza bete beharra dauka». RATPek eta SNCFek antzeko argudioak erabili zituzten epaitegietara joateko asmoa defendatzeko: «Bombardier erosita, Alstomek bere gain hartu behar ditu hark sinatuta zituen akordio eta kontratu guztiak». Are gehiago, haserre agertu ziren Alstomek lanak benetako prezioen behetik lizitatu izana leporatu zielako, eta nabarmendu zuten kanpoko aditu batek, «independentea eta prestigioduna», ontzat eman zuela eskaintza.Era berean, ulertzera eman dute Alstom nahita ari dela prozesua mantsotzen.

Auziak hauts asko harrotu du Frantzian, eta Henri Poupart-Lafarge Alstomen presidenteak ez dio pausatzen utzi. Haren arabera, CAFek eta Bombardierrek onartu dituzten baldintzak ez datoz bat merkatuko prezioekin. Kontratua betez gero, Alstomek diru asko galtzeko arriskua duela esan du Le Monde-k eginiko elkarrizketa batean. Lafargek, halaber, zailtasun teknikoak ere aipatu ditu, CAFekin lan egiteko dituzten arazoengatik: «Pariskoaren antzeko lan bat egin genuen CAFekin Porto Alegren [Brasil]eta hondamendia izan zen. Gaizki irten zen, eta tren flota bi urtez egon zen geldirik. Hori al da orain nahi duguna?». Lehiaketa berriz egiteko aholkatu die RATPi eta SNCFri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.