CAFek hemezortzi tren fabrikatuko ditu Coradia Polyvalent plataformarentzat

161 milioi euroko kontratua sinatu du Frantziako plataformarekin. Horiek hala, 2.400 milioi eurokoa da konpainiak Frantzian duen eskarien zorroa.

Coradia Polyvalent plataformaren tren bat. CAF
maddi iztueta olano
2023ko apirilaren 3a
10:59
Entzun

Coradia Polyvalent plataformarekin 161 milioi euroko kontratua sinatuta, CAFek hemezortzi tren fabrikatuko ditu. Horietatik 11 Akitania Berriko eskualderako, eta beste zazpi Senegalerako. Frantziako Garraio Ministerioaren mende dagoen Inbertsioen eta Obra Handien Sustapen Agentziarako izango dira tren horiek guztiak.

Alstom enpresarekin elkarlanean egingo dituzte bi proiektuak. Bada, konpainia horrek eskainiko ditu unitatearen ekipoak, eta CAFek, berriz, trenak diseinatu eta fabrikatuko ditu. Tren bakoitzak lau bagoi izango ditu, eta CAFek Reichshoffen herrian (Alsazia) duen lantegian egingo dituzte.

Horiek hala, 2.400 milioi eurokoa izango da CAFek Frantzian duen eskarien zorroa, hots; taldearen zorroaren %18. Hazkundeari erreparatuta, zera esan dute prentsa oharrean: kontratu horri esker Frantzia bihurtuko dela bere merkaturik handienetako bat, eta hori bat datorrela CAFek 2026rako ezarritako Plan Estrategikoarekin.

Gainera, kontratu horrez gain, iragarri dute beste hainbat «bidean» daudela. Besteak beste, 146 trenen hornidura Parisko RER B aldiriko linearako, 28 intercites tren SNFC operadorearentzat, eta tranbiak hornitzeko proiektuak Montpelierreko eta Marseillako metropoli eremuetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.