CAFek aldiriko hamar tren eta horiei dagozkien parke piezak egingo ditu Herbehereetako Qbuzz garraio publikoko operadorearentzat. Enpresa horrek Utrecht eta Rotterdam hirien arteko eremuan ematen ditu tren, tranbia eta autobus zerbitzuak. Zehazki, unitate berriak Dordrecht eta Geldermalsen hiriak lotuko ditu. 2018tik Qbuzz operadoreak kudeatzen du linea hori.
CAFek egingo dituen trenak Civity plataformakoak dira. Orduko 160 kilometroko abiaduran zirkulatzeko diseinatuak daude. Tren bakoitza hiru bagoik osatuko dute; ia 60 metro luze izango dira, eta 350 bidaiari inguru garraiatzeko prestatuta egongo dira. Mugikortasun urrikoentzako espazioak eta bizikletak garraiatzeko guneak ere badituzte, eta ETCS Europako trenbide kontrolerako seinaleztapen sistema erabiltzen dute.
Beasaingo tren ekoizlearentzat merkatu estrategikoa da Herbehereetakoa. 2022an 60 tren ekoizteko kontratua egin zuen han.