CAFek eta Bombardierrek 146 tren egiteko kontratu bat lortu dute Frantzian

2.560 milioiko kostua du, eta ez dute zehaztu nola banatuko dituzten lanak, baina azken urteetako eskaera handienetakoa izango litzateke

CAFeko langile bat, mantentze lanak egiten. BERRIA.
jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
CAFentzat Frantziatik datoz berri onak. Beasaingo (Gipuzkoa) tren ekoizleak, Kanadako Bombardierrekin batera, 2.560 milioiko lan kontratu bat lortu du Parisen, 146 tren egiteko, Frantziako hiriburuko iparraldea eta hegoaldea eta haren aireportuak lotzen dituen RER B linearako.

Kontratua oraindik ez dute sinatu, baina «lehenbailehen» sinatzea espero dute alde guztiek. Kopurua zenbatekoa den kontuan hartuta, esan daiteke azken urteetako handienetako bat izango dela Euskal Herriko multinazionalarentzat. Garraio sektoreak duen egoera zailean lortu izanak balio bikoitza ematen dio.

Bitartean, CAFek zain jarraitzen du, Espainiako Renfek aurki jakinaraziko baitu nori emango dizkion bi kontratu handi: 1.000 milioikoa da bata eta 1.700 milioikoa bestea. Horien zati bat lortzea da bere nahia.

CAFek borroka handia egin behar izan du Parisko lehiaketa irabazteko. Bombardierrekin partzuergoa osatuta lortu du, eta aurrean Frantziako Alstom izan dute. Herrialde hartako hedabide batzuen arabera, 500 milioi euroren aldea egon da irabazleen eta galtzailearen artean. Lehiaketak oihartzun zabala izan du komunikabideetan: Frantziako enpresa bati kontratua eman ez izanak kritika ugari eragin ditu.

Abenduan, erabakia hartuta zegoela, esleipena eten behar izan zuten Alstomen salaketa baten ondorioz. Kontratazio prozesua partzialki berrabiarazteko eskatu zuen, besteak beste. Epaitegietan jarraitzen du auziak, baina epaileak aukera eman du CAFek eta Bombardierrek kontratua sinatzeko. 11 egun izango dituzte horretarako, eta epe horretan Alstomek berriro aurkeztu ahal izango du helegitea.

Azken egunetan, RATP, SNCF eta Ile de France Mobilites garraio operadoreek prozesua «bizkortu» nahi izan dute; horregatik berretsi zuten atzo kontratua CAFentzat eta Bombardierrentzat izango dela. Komunikabideetara bidalitako oharrean, dena den, ez zuten eman akordioari buruzko zehaztasun gehiago; adibidez, lanak nola banatuko dituzten CAFen eta Bombardierren artean, edo, bestela esanda, 2.560 milioietatik zenbat dagozkion bati eta zenbat besteari.

Frantziara begira

Beasaingo enpresa, bere ohar laburrean, azken urteotan Frantzian sinatu dituen kontratuen garrantzia azpimarratzera mugatu da. 2019aren amaieran egindako bat nabarmendu du, 700 milioi eurokoa, Paris-Clermont eta Paris-Limoges-Toulouse lineetarako 25 tren egitekoa, beste 75 egiteko aukerarekin. Gogoratu du, halaber,Nantes, Besançon eta Saint Etiennenerako tranbiak egiteko eta Lyongo metroaren flota berritzeko eskaerak dituela, eta Okzitaniako Bigarren lantegi bat duela.

Bestalde, Kanadako Bombardierrek ere kontratu garrantzitsuak egin ditu Frantziarekin azkenaldian: 565 milioi euroko bat sinatu zuen urte amaieran, SNCFrentzat 33 tren egiteko. Horien propultsio sistemak multinazionalak Trapagarenen (Bizkaia) duen fabrikan garatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.