Burtsan kotizatzen duten Euskal Herriko enpresa gehienek emaitza onak izan zituzten iaz. BBVA, CAF, Tubos Reunidos, Vidrala eta CIE dira horren erakusle.
1. CAF
Krisiak ez du trenean bidaiatzen. Ez behintzat Beasaingo CAFek (Gipuzkoa) egiten dituenetan. Iaz 105,7 milioi euroren irabazi garbiak izan zituen, 2007an baino %21 gehiago. Gainera, 4.137,4 milioi euroren eskaerak zituen urte amaieran, iaz garai berean baino %21,3 gehiago. Enpresak atzo jakinarazi zuen 13 tren egingo dituela Bruselarako.
2. Tubos Reunidos
Hodien euskal enpresak 81,8 milioi euro irabazi zituen iaz, 2007an baino %3,8 gutxiago. Hala ere, enpresak esan du emaitzak positiboak izan direla, are gehiago 2008a nolakoa izan den ikusita. 2009ak eragiten dituen zalantzak eta eskariaren jaitsiera ikusita, iragarri du produkzioa malgutu egingo duela, eta jada ekintza plan bat prestatzen ari dela.
3. Vidrala
Arabako enpresak emaitza onak izan ditu. Salmentetan inoizko daturik onenak lortu zituen iaz (387,2 milioi euro), eta orotara 40,6 milioi euroko irabazi garbia izan zuen, 2007an baino %5,4 gehiago. Vidralaren esanetan, iaz jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa egin zuten.
4. CIE Automotive
Autogintzarako osagaiak egiten dituen euskal talde honen emaitzek ez dute autogintzaren krisia erakusten: 53,8 milioi euro irabazi zituen iaz, 2007an baino %6 gehiago. Taldeak esan du Brasilen, Mexikon eta Txekian egindako operazioei esker lortu dituela emaitza horiek. CIE Automotivek 27 eguneko enplegua erregulatzeko espedientea aplikatu die Legazpiko (Gipuzkoa) lantegiko langileei.
5. Vocento
Komunikazio taldeak irabaziak izan zituen, baina 2007an baino nabarmen txikiagoak: guztira 34,6 milioi euroko irabazi garbia izan zuen, 2007an baino %34,6 gutxiago. Vocentok publizitatearen bitartez lortutako diru sarrerak %26,6 jaitsi dira Espainia osoko egunkarietan, %23,6 gehigarri eta aldizkarietan eta %21,5 eskualdeetako egunkarietan.
6. Lloyds
Lloyds taldeak 925 milioi euro irabazi zituen iaz. Erresuma Batuko bankua izanda, ez da gutxi. Baina emaitza hori egiaren erdia baino ez da. Izan ere, emaitza hori Lloyds TSB taldearena da. Hala ere, talde horrek Lloyds Banking Group izena hartu zuen aurtengo urtarrilean, Halifax Bank of Scotland (HBOS) bereganatu ostean. Eta HBOSek atzo jakinarazi zuen iaz ia 8.500 milioi euroko galera izan zuela. 2007an 4.500 milioi euro irabazi zituen.
7. Iberia
Krisiak autoan bidaiatzen du batez ere. Baina baita hegazkinean ere. Iberiak 32,21 milioi euro irabazi zituen iaz, baina bere irabaziak asko jaitsi ziren 2007. urtekoekin alderatuta: %90,2 gutxiago irabazi zuen. 2007an baino 521 milioi euro gehiago gastatu zuen erregaian.
CAFek, CIEk eta Vidralak, irabazi gehiago; Vocentok eta Tubos Reunidosek, gutxiago
CAF tren ekoizleak 105,7 milioi euro irabazi ditu, eta 4.137,4 milioiren eskaerak ditu esku artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu