Italian duen presentzia handitzen ari da etengabe CAF. Beasaingo (Gipuzkoa) konpainiari tranbiekin lotutako beste bi kontratu adjudikatu dizkiote han, Bolonian bata eta Erroman bestea. Bien artean 200 milioi euro inguru jasoko ditu.
Boloniako Udalak 33 tranbia egiteko enkargua egin dio CAFi. Beasaingo enpresak izango du, gainera, ibilgailu horiek lau urtez mantentzeko ardura, eta haientzako pieza eta erreminta bereziak ere entregatuko ditu.
Kontratuak jasotzen du sei urteko epean tranbia kopurua 60raino edo 72raino handitzeko aukera. Horrek bikoiztu baino gehiago egingo lituzke Beasaingo enpresak akordio horren bidez lortutako irabaziak. Iaz, hiri berean sinatu zuen CAFek Solarisen 127 autobus hornitzeko kontratua.
Ikusi gehiago
Urbos modeloko tranbiak diseinatu ditu CAFek Boloniarako. Konpainiak mota horretako mila ibilgailutik gora ditu hogei herrialdetan baino gehiagotan.
Erromako kontratuak joan den urtean du jatorria. Hiri horretako garraio publikoa kudeatzen duen enpresak 40 tranbia egitea adostu zuen CAFekin, kopurua 121eraino handitzeko aukerarekin.
Orain, kontratu hori zabalduko dute, eta beste hogei tranbia egiteko mandatua jaso du trengileak. Ibilgailu horien mantentzea ere CAFek egingo du datozen bost urteetan.