CAFek eta Madrilgo Metroak trenak salerosteko akordio bat egin dute, aurtengo bigarrena. Beasaingo tren konpainiak galibo estuko berrogei tren egiteko lehiaketa irabazi du, eta 400 milioi euro inguruko tratua egin. Espainiako hiriburuko metroaren lehen linean ibiliko dira tren horiek.
Madrilgo Metroak eta CAFek aspalditik dute harremana. Espainiako hiriburuko lurpean CAFen seiehun tren baino gehiago dabiltza, baina 2011z geroztik hura hornitzeko lehiaketarik irabazi gabea zen. Aurten, baina, bolada aldatu egin da, oraingo eskaera aurtengo bigarrena baita.
Aurreko eskaria ekainean jaso zuen CAFek. Orduan, galibo zabaleko berrogei tren eraikitzeko kontratua irabazi zuen; oraingoan, berriz, galibo estukoak dira. Biak ala biak 400 milioi inguruko eskariak dira. Tren bakoitzak sei bagoi izango ditu, eta, horiek ordaintzeko, Europako Inbertsio Bankuak emaniko mailegu bat baliatuko du Madrilgo Udalak.