CAFek %60 handitu nahi ditu salmentak hiru urtean

Trenen negozioan «merkatu aurreikuspenen gainetik» aritzea espero du. Israelen beste bi egitasmo handi ditu esku artean

jokin sagarzazu
2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Iazkoa «urte historikoa» izan zen CAFentzat, salmentek 3.000 milioi euroen langa igaro baitzuten lehen aldiz. 2026. urtera begira, erronka handi bat jarri dio bere buruari: «4.800 milioi euroren bueltan dauden salmentak lortzea», %60ko igoera, eta errentagarritasuna edo irabaziak ere handitzea, iazko jaitsieraren ondoren. Helburu horretara iristeko giharra duela uste du, inoizko eskaera zorrorik handiena baitu gaur egun, eta hori handitzeko hainbat proiektu ere baditu esku artean.

Euskal multinazionalaren negozio alorrik handiena trenena da, eta gero ere hala izango dela azpimarratu zuen atzo Javier Martinez Ojinaga kontseilari delegatuak, Beasaingo (Gipuzkoa) egoitzan eginiko akziodunen batzar nagusian. «Taldeak merkatuaren bilakaera aurreikuspenaren gainetik hazteko helburua du, trenen segmentuan batik bat». CAFen negozio bolumenaren %58 trenak dira, %14 autobusak, eta gainerakoa zerbitzuak, osagaiak eta seinaleak.

Trenetan, Europa da haren merkatu nagusia —salmenten %50—, eta iaz 5.000 milioitik gorako lan kontratuak lortu zituen, bere «maximo historikoa». Kontratu handiak egin zituen Herbehereetan, Frantzian, Alemanian eta Espainian. Baina hortik kanpora ere hazi nahi du multinazionalak.

Atzoko hitzaldian, Martinez Ojinagak ez zuen eman hazkunde planaren eta esku artean dituen egitasmoen xehetasunen berri, baina azken egunotako albisteek erakusten dute luze gabe Israel izan daitekeela CAFen negozio guneetako bat.

Hango gobernuak aste honetan itxi du Haifa eta Nazaret hiriak lotuko dituen tranbia eraikitzeko eskaintzak aurkezteko epea, eta hori egin duten lau enpresa taldeen artean CAF dago, Saphir ingeniaritzarekin batera —Israelen duen ohiko bazkidea—. Lanak 1.200 milioi euroko balioa du. 41 kilometroko tren sare bat da, hogei geltoki izango ditu, eta 30 tren ibiliko dira han. Obrarekin eta trenekin batera, linearen operatibitatea eta mantentze lanak ere irabazlearen esku geratuko dira 25 urtez. Beste lehiakideak Kataluniako Compsa, Frantziako Alstom eta Suitzako Stadler dira.

Herrialde horretan beste lehiaketa bat ebazteko zain dago CAF. Iaz, Jerusalemgo tranbiaren linea urdina eraikitzeko eskaintza egin zuen. Garraio Ministerioak oraindik ez du inor hautatu aurkeztu diren lau hautagaien artean, baina espero da aurki jakinaraziko duela erabakia. Gaur egun lurralde horretan dauden azpiegitura proiektuetan handienetako bat da obra hori. 4.200 milioi euroko balioa du, eta Jerusalem hegoaldeko Gila auzotik hiriaren iparraldeko Ramot kokalekuraino doa.

«Paper errea»

CAFek beste proiektu batzuk ditu martxan Israelen. 2019an, Jerusalemgo tranbiaren linea berdea eraikitzeko eta hornitzeko lehiaketa irabazi zuen hasiak dira lanekin, eta Tel Aviveko tren arinaren proiektuan ere parte hartu du: guztira 1.000 milioi euroko balioa dute lanek, eta horien erdiak euskal taldearentzat dira, eta beste erdiak, berriz, Saphirrentzat.

Taldeak Israelen eta, zehazki, lurralde okupatuetan duen presentziak kritika ugari piztu ditu zenbait erakundetan. Adibidez, aste honetan Amnesty Internationalek beste behin eskatu dio Jerusalemgo linea berdearen proiektua bertan behera uzteko, trenaren ibilbidearen zati batek Israelek 1980an palestinarrei okupatutako eremuak hartzen dituelako. AIren arabera, NBEk «legez kanpokotzat» jo du obra hori, eta azpimarratu du «ondorio penalak» izan ditzakeela CAFentzat.

Atzo, Andres Arizkorreta konpainiako presidenteak polemikari heldu zion. Esan zuen talde independente batek Jerusalemgo linea berdeari buruzko txosten bat egin duela enpresarentzat eta ondorioztatu duela kontratuak «nazioarteko estandarrak» betetzen dituela eta azpiegiturak «inpaktu sozial positiboa» izango duela herrialdean. Gaineratu zuen «dagokien agintariei» helaraziko diela laster txostena.

Batzarrean, AIko kide batek hitza hartu zuen, Gerardo Riosek, eta Arizkorretari leporatu zion txostenaren xehetasunen berri ez ematea. Gogoratu zuen CAF giza eskubideekin konprometituta azaltzen dela beti bere txosten eta politiketan, baina adierazpen horiek «paper errea» direla.

AIko kidearen salaketaz gain, Jerusalemgo egitasmoaren aurkako euskal plataformako kideek manifestazioa egin zuten atzo Beasainen —ostiralean, mahai ingurua egin zuten gai horri buruz—, eta CAFeko langile batzordea ere oso kritiko agertu da egitasmoa dela eta.

Proiektuaren kontrako eragileak ez ezik, Geroako Kaltetuak plataformakoek ere elkarretaratzea egin zuten CAFen egoitzaren aurrean. Gogoratu zuten enpresa hori Geroa BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundearen bultzatzaile nagusietako bat izan zela, eta oraindik ere badela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.