Trenen esparruan salmentak %15 handitu du CAF konpainiak lehen urte erdian, eta horrek %11ko igoera ekarri dio fakturazio datu orokorrean, 2.080 milioi euroraino iritsita. Aldiz, autobusen alorrean salmentak %3 gutxitu dira, 433 milioiraino.
Horren azalpena da, konpainiaren arabera, iazko lehen seihilekoan autobusen salmenta datuak apartekoak izan zirela, entrega asko egin zirelako; 838 autobus entregatu zituzten orduan, eta 725 aurtengo lehen sei hilabeteetan. CAFen arabera, horietatik «%40 izan dira elektrikoak, bateriazkoak edota hidrogenozkoak».
Edonola ere, bigarren erdian Solaris filialaren entrega kopurua nabarmen handituko dela espero du CAFek. Une honetan eskari poltsan 1.877 autobus ditu.
Ekain bukaeran CAFen fakturazio osoaren %79 hartu dute trengintzari lotutako salmentek —%44 tren ibilgailuek—, eta %21 autobusei lotutakoek. Hala ere, Solarisen emaitzak izan dira konpainiaren errentagarritasunera hobekuntza ekarri dutenak.
Gauzak horrela, urtarriletik ekainera 52 milioiren irabaziak erdietsi ditu CAFek, iazko epe bereko 34 milioi euroak baino %52 gehiago.
Aurrera begira, CAFek espero du urtea salmentak %10 handituta ixtea eta errentagarritasunean izandako hobekuntzari eustea. 13.843 milioi euroko eskari poltsa izateak lagunduko dio horretan. Kopuru horretan, gainera, ez dira sartzen 170 milioi euroko balioarekin oraindik sinatzeko dituzten bi adjudikazio.