CAF tren konpainiak bere historiako egunik gozoena izan du gaur. Batetik, emaitza balantze dotorea plazaratu du: 103 milioi euro irabazi zituen iaz, 2023an baino %16 gehiago —89 irabazi zituen—, eta eskari zorroa inoizko handiena da. Bestetik, kontratu handi bat lortu du Marokoko tren konpainia nazionalarekin. 30 tren egiteko lehiaketa bat irabazi du, 600 milioi euroko negozio bolumena duena. 2030eko Munduko Futbol Koparako entregatu beharko ditu guztiak.
Iazkoa urte oso ona izan zen Gipuzkoako industria enpresa handienarentzat. Azken hamahiru urteetako irabazi handienak lortu zituen, eta 100 milioiren mozkinen langa igaro zuen aspaldiko partez. Azkenekoz 2011. urtean lortu zuen hori, eta orduan 146 milioi izan ziren. Azken hogei urteetako bilakaera historikoari erreparatuz gero, iazkoa urterik onenetan bosgarrena izan zen mozkinei dagokienez.
Irabazi horiek lortzeko, 4.212 milioi euroren salmentak egin behar izan zituen: 2023an baino %10 handiagoak. Salmenta horien %78 tren arlokoak izan ziren (3.285 milioi euro), eta %22, Solaris autobusen arlokoak (927 milioi euro). Autobusen salmenta %13 handitu zen, Solarisek eskari askori irteera eman ahal izan zielako. Merkatuei dagokienez, salmenten %82 Europan egin zituen.
CAFen negozio hobi handiena Europa da, baina haren barruan handitu egin da Espainiaren pisua. Iaz salmenten %28 egin zituen bertan, eta tren konpainiak iazko emaitzen txostenean aipatzen du etorkizunera begira «sendotu» egingo dela harreman hori. Zentzu horretan Madrilgo metroarekin sinaturiko 800 milioi euroren kontratua nabarmendu du. Italian ere 500 milioi euroko kontratuak hitzartu zituzten iaz.
marokoko atea ireki zaio
Emaitzak jakiteko eguna zen gaurkoa, baina Marokoko kontratuak ia itzalpean utzi ditu. Izan ere, herrialde horretan lorturiko lehen egitasmoa da. Datuen arabera, konpainiak Afrikan egiten dituen salmentak oso txikiak dira, eta akordio honek ate berri bat ireki diezaioke. Marokoko tren konpainia nazionalaren (ONFC) lehiaketa publikoaren arabera, 30 Intercity tren egiteko eskaria da, baina beste hamar ere izan daitezke. Esan bezala, eskaintza 600 milioi eurokoa da, eta CAFek 2030erako entregatu behar ditu trenak, futboleko Munduko Kopa Marokon jokatzen denerako.
Kontratu handi asko dira, konpainiak inoiz izan duen eskari zorro handiena osatzeko. Gaur egun, 14.695 milioi euroren eskariak ditu adostuak, 2023aren amaieran baino %3 gehiago eta 2021eko amaieran baino %52 gehiago. Eskari zorroaren datua 2024ko amaierakoa da, Marokoko kontratua lortu aurrekoa; beraz, litekeena da hurrengo urtean ere kopurua handitzen jarraitzea —iazko abenduan bakarrik 1.000 milioi euroko eskariak lortu zituen—. Zorroaren banaketari erreparatuta, %90,1 trengintzako eskariak dira —trenak, zerbitzuak eta sistemak—, eta %9,9, autobusen arlokoak.
58 milioi euro zergetan
Zergei dagokienez, CAFek 58 milioi euroren zergak ordaindu zituen, ia guztiak irabazien gaineko zergarengatik (53 milioi euro). Akziodunek ere sumatu zuten urte ona: %16 gehiago irabazi zuten iaz —2,6 eurotik 3 eurora—, eta akzioen balioa %7 handitu zen urte osoan. Akzioen salneurriarekin jarraituz, deigarria da atzoko bilakaera, %4 handitu baitzen haien prezioa Marokoko kontratua argitara atera ondoren. Azkenik, langile kopuruari erreparatuta, iazko ekainaren 30ean 15.668 zituen bere planta guztietan, duela bi urte baino mila gehiago.
Aurtengora begira, CAFek antzeko bilakaera espero du; esaterako, salmenta kopurua gutxienez %10 handituko dela iragarri du, eta mozkin handiagoak espero ditu. Aurreikuspen horiek egiteko arrazoiak hauek dira: besteak beste, eskari zorro handia eta haren ezaugarriak, urte bateko epean entregatu beharreko kontratuen kaptazioa, eta Solarisen entregen bolumena asko handitu izana urtean zehar.