Iragarpena bete egin da, eta BYD bilakatu da munduan auto elektriko gehien saldu dituen autogilea. Alde txikiz izan bada ere, auto elektrikoen koroa kendu dio orain arteko errege absolutuari, Teslari. AEBetako ekoizleak gaur jakinarazi du 484.000 auto saldu dituela urteko azken hiruhilekoan; BYDk, berriz, 526.409 auto guztiz elektriko saldu ditu aldi horretan.
Urte osoan, Txinako autogileak hiru milioi autoren langa gainditu du lehen aldiz —Txinan hibrido entxufagarriak ere saltzen ditu—, eta bete egin du, hortaz, urte hasieran bere buruari jarritako helburua. Lehen aldiz, hamar auto ekoizle handien artean sartuko da, baina asmo handinahiagoak ditu, 2030erako Toyota, Volkswagen eta enparauak gainditzeko xedea iragarri baitzuen haren buruak.
Txina da autoen merkatu handiena, eta hura da bizkorren elektrifikatzen ari diren lurraldeetako bat, Eskandinaviarekin batera. Hastapenean, Txinako Gobernuak laguntza handia eman zion industriari, Pekinek auto elektrikoen aldeko apustua egin baitzuen, Europan eta AEBetan industriak errekuntza motorrari ahalik eta zukurik handiena ateratzea hobetsi zuen garai batean.
Kate osoa kontrolpean
Txinako arrakastaren arrazoietako bat da hango autogileek ekoizpen kate osoa kontrolatzen dutela. BYDk, esaterako, ibilgailuen tren guztia egiten du, bateriak barne, eta ibilgailu elektrikoak erabiltzen dituzten erdieroaleak edo mikrotxipak ere harenak dira. Horrek kostu finkoak gutxitzen ditu, eta hedatzeko aukera eman dio beste autogileek mikrotxipen horniduran arazoak izan dituztenean.
9Teslaren eta BYDren arteko lehiak lerroburu asko sorrarazi dituen arren, kontuan hartu behar da munduan saltzen diren auto gehienek errekuntza motorrak dituztela. Eta horien artean, Toyotaren eta Volkswagenen artean dago lehia. 2023an, azaro arteko datuen arabera, Japoniako auto ekoizlea nagusituko da: azaro arte 9,23 milioi saldu ditu, eta Alemaniakoak, berriz, 8,3 milioi.
BYD, berez, ez zen auto ekoizle gisa jaio. 1995. urtean sortu zen, eta bateriak egiten zituen Motorola, Nokia, LG, Siemens eta beste konpainia batzuen gailu teknologikoentzat. Lan horretan ikasitakoa erabili zuen 2003an bere autogintza adarra sortzeko. Hasieran, haren autoak eta autobusak hibridoak ziren; hau da, errekuntza motor batez gain motor elektriko bat ere bazuten.
Txinako marka handiena bilakatu ondoren —%35eko merkatu kuota du—, munduko marka handiena bilakatu nahi du BYDk. Brasilen fabrika bat zabaldu du, eta Europan ere ekoitzi nahi du, EBk Txinan egindako autoei jarri nahi dizkien mugei izkin egiteko. Duela bi aste, BYDk jakinarazi zuen Hungariako Szeged hirian fabrika bat jarriko duela, Txinako autogile batek EBn jarriko duen lehenengoa. Litekeena da azkena ez izatea, Nio, Great Wall eta beste ekoizle batzuk ere leku bila ari dira eta.
Tesla model y, gehien saldua Europan
BYDk auto elektrikoen koroa kendu dion arren, 2023. urtea ona izan da Teslarentzat. Urtarril amaieran emango ditu urteko emaitzak, baina jada aurreratu du errekorren urtea izan dela haientzat ere: 1,845 milioi auto ekoitzi ditu, eta 1,808 milioi saldu. Gainera, duela gutxi pentsaezina zirudien zerbait lortzekotan da: bere Model Y autoa Europan gehien saldutakoa izatea. Lehen aldia izango da auto elektriko batek hori lortzen duena. Gainera, Model Y ez da auto merkea: bertsiorik sinpleenak ia 47.000 euro balio du Europan, eta 60.000 ere balio du garestienak. Txinan, han dagoen lehia gogorraren ondorioz, autoen prezioa merkatu du Teslak, baina kontinente zaharrean artean ez du gauza bera egin.