Donald Trumpek abiatutako gerra komertziala ez dago inondik ere amaitzear, baina burtsek arnasa hartu dute, azken egunetan bihotzekoak emateko zorian egon ondoren. Finantza merkatuen estualdi hori izan da, hain zuzen ere, AEBetako presidenteak bere borroka partikularrean su eten partzial bat agindu izanaren arrazoi nagusia.
Atzo, AEBetako S&P 500 indizeak %9,52ko igoerarekin itxi zuen: 2008tik izan duen hazkunderik handiena eta II. Mundu Gerratik hirugarren onena. Nasdaqek %12,16ko igoera izan zuen, 2001etik izan duen erregistrorik onena eta historiako bigarrena.
Aldeko haize horrekin esnatu dira gaur Europako burtsak. Frankfurteko DAX 40k %8,2ko igoerarekin ireki ditu ateak, baina gero euforia pixka bat baretu da, eta eguerdian %5,8 egiten ari da gora. Londresko FTSE %4,5 ari da igotzen, eta burtsa %5,88ko igoerarekin esnatu da; Milangoa, %6,8ko hazkundearekin.
Espainiako eta Frantziako burtsek ere baikor ekin diote. Ibex 35ek %8,59ko errebotea izan du, inoizko irekierarik onena, nahiz eta gero indar pixka bat galdu duen, eta %5,8ra moteldu du igoera. Eta Parisko CAC-40 indizea %5,4 irabazten ari da.
Batez ere bankuak nabarmendu dira: adibidez, Espainian burtsan kotizatzen duten sei finantza erakundeek —Santander, Caixabank, BBVA, Sabadell, Bankinter eta Unicaja— %8 inguruko igoerekin abiatu dute eguna. Komunikazio eta energia enpresen hazkundeak nabarmen apalagoak izan dira: %1 ingurukoak.
Euforiatik lasaitasunera
Eboluzioak adierazten du egunak aurrera egin ahala moderazioa nagusitu daitekeela. Hala erakusten dute AEBetako burtsek ireki aurretik eginiko aurreikuspenek: %2 inguruko jaitsierak espero dira jardunaldiaren hasierarako. Atzokoa historikoa izan zen AEBetako burtsetan, eta nekez izango dute berriz halako emaitzarik.
Asiako burtsetan ere kolore berdea nagusitu da. Jada itxi dituzte, eta Tokioko burtsaren indize nagusiak, Nikkeik, %9,13ko igoerarekin amaitu du. Txinako burtsek ere irabaziekin erreakzionatu dute Trumpek muga zergak eteteko eginiko iragarkiaren aurrean, baina igoera txikiagoekin, herrialde horri ezarritako tarifei eutsiko baitie AEBetako agintariak. Shanghaiko burtsak %1,29 egin du gora, Shenzhengoak %2,2, eta Hong Kongekoak %2,69, aurreko egunetan jaitsiera nabarmenak izan eta gero.
Taiwango burtsak izan du igoerarik handiena, %9,22koa, enpresa teknologiko handien kotizazioek bultzatuta, bereziki TSMC eta Foxcon osagai elektronikoen ekoizleenak.