BURTSA. Hotzaz gain, elurra

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Ez dago burtsa berotuko duenik. 9 hilabeteren buruan ia 7 mila milioi irabazita Santanderrek (-%2,47) lortu ez badu, hotza datorkigun seinale. Eta hotzaz gain, elurra ere ari omen du. Banku handiek gorriak ikusi zituzten atzo (BBVAk %4,99 galdu bazuen, ING nahiz Deutschek %10etik gora), Dow Jonesen epela ez baizen Olabarri kaleraino iritsi. Alemaniako Dax Volkswagenek (+%81,73) kiskaltzear zelarik, Espainiako ekonomiaren itxurak hotz laga ditu inbertsiogileak. Hala ere, gertu behar du indizeen udaberriak. Negua azkarra eta bortitza den heinean, irabazi batzuk loratu beharko liratekela dirudi. Eta ari dira, kimu txikitan. Atzo %8 pasa irabazi zuen Indrak, %6 pasa Mapfrek eta %5na pasa Renovables, Bankinter eta Enagasek. Edurnezurik %1,62 galdu zuen baina. 2.914 milioiren salerosketa ez da ezer asko. Hotza hasi delako hilabeteko soldata txamarretan gastatzea ez da gomendagarria. Lasaitasunak berotu gaitzake.



Enagas. Enagas (+%5,26) gas garraiatzaileak iaz epe berean baino %14 gehiago irabazi du aurten iraila artean. 201 milioiko mozkina lortu du, 2.220 milioiko zorra duen enpresak. %16 handitu du garraiatutako gas kopurua eta 500 milioitik gorako inbertsioak egin ditu, inoizko gehien. Gutxi asko, irabaziak nahiko ziurrak dituen enpresa izaki (prezio erregulatuekin eta monopoliotik gertu), dibidendu bidez banatu dezakena zor publikoaren ordainarekin parekatzeko ausardia izan dezake hainbatek. Elurra ari duenetan mendira joaten direnak ere beti dira. Baita gozatu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.