Burdin mearen kabiar afrikarra

Gineako Simandou mendikatean munduko burdin meatzerik handiena irekiko dute aurten. Kalitate handiko burdina dago han, 500.000 Eiffel dorre eraikitzeko adina.

Rio Tintok Diaviken (Kanada) duen meatzea
Rio Tintok Diaviken (Kanada) duen meatzea. RIO TINTO / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko urtarrilaren 14a
05:10
Entzun

Munduko meatzaritza proiekturik handiena eraikitzen hasiko dira aurten. Rio Tinto multinazionalak iragarri berri duenez, azken baimenak jaso ondoren, prest daude Gineako Simandou mendietatik 2.400 milioi tona burdin mea ateratzen hasteko —500.000 Eiffel Dorre egiteko adina lirateke—. Aspaldiko proiektua da, duela 27 urte baitago mahai gainean, baina eroskeria eskandaluek, estatu kolpeek, ingurumen arazoek eta zailtasun teknikoek gaur egunera arte atzeratu dute.

Rio Tintoko kobre adarreko buru Bold Baatarrek azaldu du «burdin mearen kabiarra» dela Simandoun aurkitu daitekeena. Izan ere, kalitate handikoa burdina da, %66-68ko garbitasuna baitu, eta altzairua modu garbiagoan ekoizteko egokia da. Datorren urterako espero dute lehen tonak ekoiztea, eta 2028rako urteko 60 milioi tona ekoiztera iritsi nahi dute, munduko burdin mea merkatuaren %5 izateraino.

Munduko burdin erreserbarik handiena da Simandoukoa, 2.400 milioi tona dituela uste baitute. Hain da handia proiektua, Rio Tinto, munduko meatzaritza enpresa handienetakoa izan arren, ez baita gai bera bakarrik ustiatzeko, eta 18.000 milioi eurotik gorako inbertsioa hainbat bazkiderekin partekatuko baitu. 

Bazkide boteretsuak lortu ditu horretarako. Rio Tintok ustiatu behar duen zatia, Simfer meategia, munduko aluminio ekoizlerik handienarekin egingo du, Txinako Chinalcorekin. Bigarren meategian, WCS izenekoan, Singapurko Winning eta Txinako Weiqiao Aluminium taldeek hartuko dute parte. Gineako Gobernuak meategi baten zein bestearen jabetzaren zati bat izango du.

18.000

Inbertsioa, milioi eurotan. Munduko meatzerik handiena irekitzeko. 600 kilometro inguruko trenbidea eta sakonera handiko portua egingo dituzte proiektuaren barruan.

Meategiaz gain, burdina garraiatzeko eta esportatzeko azpiegiturak eraiki beharko dituzte. Izan ere, Konakry hiriburutik 800 kilometrora izango dira meategiak, herrialdearen hego ekialde menditsuan, Liberiaren, Boli Kostaren eta Sierra Leonaren mugetatik gertu.

Bi trenbide eraikiko dituzte: 552 kilometrokoa bat, Simandoutik Morebaya inguruan eraikiko duten sakonera handiko porturaraino; eta 70 kilometroko beste trenbide bat, Simfer meategitik Simandouraino. Lehenengo trenbidea enpresa guztien artean eraikiko dute; bigarrena, Rio Tintok eta Chinalcok.

Deskarbonizazioa eta ingurumen arazoak

Gineako meategiak, bere neurriarengatik ez ezik, altzairuaren ekoizpenaren deskarbonizazioan izan dezakeen eraginarengatik ere badu garrantzia. Gaur egun, altzairua egiteko behar den burdina ikatz kokea erabiliz bereizten da meatik, baina hori oso prozesu kutsagarria da. Ikatz kokea ekiditeko, burdin mea hidrogenoarekin eta karbono monoxidoarekin tratatzeko sistema berria ere badago, baina, horretarako, kalitate handiko burdin meak behar dira, eta halakoxea da Simandouko mendietan dagoena.

Proiektuak daukan garrantzia ikusita, Rio Tinto prest azaldu da proiektuak sor ditzakeen osasun, segurtasun eta arazo sozialak gutxitzeko, baita ingurumeneko talka txikitzeko ere. Kalteak egon egongo direlako, eta ez txikiak. Horrela, 2021ean Winning partzuergoak eskatutako ingurumen eta gizarte inpaktuari buruzko ebaluazio batek dio trenbidea eraikitzeak 100 kilometro koadro lur baino gehiago suntsituko dituela, baita arriskuan dauden espezieak bizi diren eremuak ere; besteak beste, Afrika Mendebaldeko txinpantzearen habitata. Inguruko biztanleengan ere eragina izan dezakeela ondorioztatu zuen ebaluazioak: ur iturriei kalte egingo die, eta lekualdatzeak ekar ditzake. Lekuz aldatzen ez diren herrietan nekazaritza, arrantza eta ehiza arriskuan jar ditzakeela ere esaten dute txosten horretan.

Human Rights Watchek ere ohartarazi du «proiektuaren gainbegiratze desegokiak» giza eskubideen eta ingurumenaren hondamendia eragin dezakeela.

Eroskeria

Ingurumen arazoekin batera, bulegoetan ere zeresana eman du proiektuak, eta horrek asko atzeratzea ekarri du. 1997. urtean abiatu zen proiektua, Rio Tintok lau blokeak ustiatzeko baimena eskuratu baitzuen. Baina 2008an, Gineako Gobernuak iparraldeko Simandou ustiatzeko baimena kendu zion Rio Tintori, eta BSGR enpresari eman zion. Azken hori proiektutik kanpo geratu zen gero. Izan ere, 2013an, BSGRko kide bat atxilotu zuten, ustiaketen eskumenak lortzeko legez kanpoko ordainketak egin zituela frogatzen zuten dokumentuak suntsitzeagatik. Kasu horren ondorioz, 2014an, Gineako Gobernuak ustiaketa baimena kendu zion BSGRri, eta beretzat hartu zuen bi blokeren ustiapen baimena; 2020an saldu zion WCSri.

Rio Tinto enpresari ere eroskeria kasuak egotzi dizkiote. 2016an, gobernuko kide batek salatu zuen 2010ean Rio Tinto enpresaren ordainketa saiakera jaso zuela, eta, handik hilabete gutxira, enpresak onartu egin zuen ordainketa horiek egiten saiatu zela. Auzia ikertu zuen Erresuma Batuko Gobernuak, baina iazko udan ikerketa itxi zuten, eta ez zioten ezer egotzi enpresari.

Norvegia, itsas sakoneko meatzaritzaren alde

Norvegiako parlamentuak itsas hondoko meatzaritza baimendu du aste honetan. Hori egin duen lehen herrialdea da, eta Itsas Hondoetako Nazioarteko Agintaritza mota horretako ustiapenei buruzko arauak ezarri aurretik etorri da.

 Erabakiak Norvegiako itsasoetan du eragina —280.000 kilometro koadroko eremua—, eta mineralak ateratzeko lizentziak eskuratu ahalko dira, baita litioa, eskandioa eta kobaltoa ustiatzeko lizentziak ere.

Norvegiaren erabakiak kritikatu egin dute. Zientzialari batzuek ohartarazi zuten, hain zuzen, proiektuak itsasoko bizitzan eragin suntsitzaileak izan ditzakeela. Norvegiako Greenpeaceko buru Frode Pleymek «egun lotsagarria» zela adierazi zuen, eta jakinarazi hai besterik ez dela egin itsas hondoko meatzaritzaren aurkako «olatua».

Europako Batasuna eta Erresuma Batua ere aurka azaldu dira; batak zein besteak debekatu egin dute itsas hondoko meatzaritza, ingurumenean arazoak sor ditzakeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500