Ez da ustekaberik izan, eta Alemaniako Parlamentuak onartu egin du lurraldearen konstituzioa aldatzea gastu publikoa handitu ahal izateko. CDU-CSU eskuineko batasunak eta SPD sozialdemokratak egin zuten proposamena, eta, Berdeekin zenbait aldaketa onartu ostean, Bundestageko diputatuen gehiengo zabal batek ontzat hartu ditu aldaketak: 489 boto behar ziren, eta 513 lortu zituzten.
Bozkatutakoaren bitartez, Alemaniak gastu publikoa mugatzen duen arautik kanpo utziko du defentsan egiten duen gastuaren zati handi bat —BPGaren %1etik gora dagoen guztia—.
Halaber, 500.000 milioi euroko funts bat sortuko du, hurrengo urteotan azpiegituretan eta klima aldaketaren aldeko neurrietan inbertsioak egin ahal izateko. Gainera, azken urteetan ez bezala, lander edo estatu federatuek aukera izango dute zorpetzeko.
Aldaketak osoko zuzenketa bat dira azken urteetan Alemaniak egin duen gastu publikoaren kontrol zorrotzari. CDU-CSU izan da austeritatearen babesle nagusia, baina Donald Trumpen iragarpenen ondoren —eta bereziki hark Europa militarki babesteari utziko diola esan ondoren— ziaboga bat egin du eskuineko batasunak, eta gerrikoa askatzea erabaki du.
Lehen ez, eta orain bai
Kritika gogorrak entzun ditu Friedrich Merz CDUko buruak eta Alemaniako hurrengo gobernuburu izango denak, ez soilik aldaketen aurkakoen aldetik —eskuin muturreko AfD eta FDP liberala—, baina baita ekologisten aldetik ere.
«Oraingo baldintzak 2024ko urriko baldintza berak dira. Jende guztiak zekien inbertsioak premiazkoak zirela. Berdeok eta SPDk honen alde egin genuen kanpaina, [...] eta zuk esan zenuen ez zegoela beharrik, ez genuelako diru sarreren arazo bat, gastu arazo bat baizik. Zein gogor jokatu zenuen nire alderdikideen aurka», salatu du Britta Hasselmann Berdeen bozeramaileak.
Bundestagen oniritzia jaso ondoren, konstituzioaren aldaketa Bundesrat edo senatura pasatuko da. Ostiralean egingo dute han bozketa, eta aurrera egingo duela ziurtzat jo du Merzek. Ganbera horretan, Freie Wahler taldeko ordezkarien esku dago baiezkoa. Zentro-eskuineko talde horrek Bavariako koalizio gobernua osatzen du, CSUrekin batera.