Bundesbankek dio udan ere Alemania ez dela hazten ari

Ekonomia suspertzeko neurriak har ditzaketela onartu du Olaf Scholz Ogasun ministro sozialdemokratak

Scholz Ogasun ministroa, igandean, SPDren bilera batean. OMER MESSINGER / EFE.
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
BERLIN. Alemaniako barne produktu gordina %0,1 txikitu zen urteko bigarren hiruhilekoan, esportazio txikiagoen eskutik industriak atzera egin zuelako. Urteko hirugarren hiruhilekoan, udakoan, joera ez dela aldatu egiaztatu du Bundesbank. Bi hiruhileko segidan BPGa txikituko balitz, Alemania ofizialki atzeraldian sartuko litzateke, lehen aldiz 2012az geroztik.

Abuztuko txostenean, Alemaniako banku zentralak azaldu du industriak burumakur jarraitzen duela, eta eskariak are gehiago jaitsi direla. Brexit-a eta AEB-Txina merkataritza gerra dira arrazoi nagusiak, Alemania oso herrialde esportatzailea izanik —BPGaren %20 esportazioek eragiten dute—, merkataritzaren motelaldiak asko eragiten diolako. Bundesbankek onartu du industriaren motelaldiak oraindik ez diela asko eragin ekonomiaren beste sektore batzuei, baina horretarako arriskua handitzen ari dela dio. Enpleguaren sorrera, esaterako, «nabarmen geldotu da».

Urteko bigarren hiruhilekoko datuak alarma piztu du Alemaniako Gobernuan, eta lehentasunak aldatzera behartu dezake. Kontu publikoak orekatzea izan da azken urteetako obsesioa, superabita lortzea zor publikoa txikitu ahal izateko. Politika hori erabat alboratu gabe, gerrikoa pixka bat askatzeko prest legokeela azaldu du Olaf Scholz Ogasun ministroak, SPKoa. Haren esanetan, zorra %58ra jaisteak gastu publikora 50.000 milioi euro gehiago bideratzeko aukera eman dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.