Bukeleren esperimentua

Duela bi urte, El Salvadorrek mundu guztia harritu zuen, bitcoina herrialdeko diru ofiziala bilakatu zuenean. Herritar gehienek, baina, ez dute erabiltzen.

Manifestariak Nayib Bukeleren panpina bat zintzilikatzen, bitcoinaren kontra. RODRIGO SURA / EFE.
Asier Gonzalez de San Pedro
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Larunbat gaua, Miami, bitcoinaren inguruko hitzaldia. Aretoaren pantailan, Nayib Bukeleren bideoa; mundu guztia harrituta utziko duen albiste bat eman du: bitcoina El Salvadorko diru ofiziala bilakatuko du.

Indarkeriarengatik eta marengatik ezaguna zen herrialdea nazioarteko ekonomiaren foku mediatikoaren azpian jartzea lortu zuen Bukele presidenteak bitcoin legeari esker. Batzuentzat, esperimentu arriskutsua izan zen, baina bitcoin munduan ezaguna izatea lortu zuen, eta horrek enpresek bertan inbertitzea eragin. Beste batzuentzat, aldiz, bere autoritarismoa indartzeko hartutako erabakia izan zen.

Hainbat inbertsio enpresa ezagunek —JPMorgan-ek, Eaton Vancek eta PGIM Fixed Incomek, besteak beste—, El Salvadorko zorra erostea gomendatu dute edo zorra erosi dute, etorkizunean gorakada izango duelakoan. Beste inbertsore batzuentzat, berriz, arrisku handiko inbertsioa da, herrialdeak 2027tik aurrera ordaindu behar dituen zor guztiei begira.

Ordainketarako diru digitala da bitcoina, eta ez du banku edo administrazio zentralik. Ez du bitartekaririk behar salerosketak egiteko, eta horrek erraztu egiten du merkatu beltzeko trukaketak, online apustuak eta iruzurrak egitea. Herrialde bakoitzak erabakitzen du salerosketarako legezkoa edo legez kanpokoa den; hau da, ez du nazioarteko marko juridikorik.

Bukeleren esperimentuak askok iragarri zuten baino gehiago iraun du, eta gaur egun indarrean jarraitzen du. Tarte horretan, kriptodiruaren balioak %40 egin du behera, nahiz eta azken urtean goranzko joera duen. Horrek ez du aldarazi Bukeleren apustua, eta bitcoinak erosten jarraitu du; azkena, iazko azaroan. Guztira, 121 milioi dolar inbertitu ditu bitcoinetan, baina orain 76 milioi balio dute kriptodiru horiek.

Bictoina diru ofiziala egiteak aldaketa nabarmenak ekarri ditu Erdialdeko Amerikako herrialdean eta herritarren egunerokoan. Bitcoina eguneroko salerosketetarako nahiz erosketa handietarako erabili dezakete biztanleek, nahiz eta, 2022 amaierako inkesta baten arabera, herritarren %24k bakarrik esan zuten diru hori erabili zutela. Erabilera asko apaldu da azken hilabeteetan, baina, aldi berean, atzerriko enpresa batzuen inbertsioak erakarri ditu.

El Salvadorko Gobernuak 200 milioi dolar inbertitu zituen hasieran bitcoina hedatzeko. Kutxa automatikoak jarri zituen, eta Chivo Wallet billete zorro digitala sortu zuen herritarrek bertatik dirua atera zezaten eta eguneroko erosketak ordaintzea errazagoa izan zedin. Sortutako kontu gehienak hackeatuak izan ziren, ordea, eta, martxan jarri zen egunean bertan, ordu batzuetan ez zuen funtzionatu.

Berriz hautatua?

Kriptodiruekin egindako apustuak nahi zituen emaitzak eman ez dituen arren, Bukelek populartasun handia du gaur egun.2024ko otsailean egingo diren hauteskundeetan berriro lehiatuko dela iragarri du, eta polemika handia sortu du El Salvadorren.

Eztabaida handia dago herrialdean hauteskundeei begira, konstituzioak debekatua baitu presidente batek bi legealdi egitea. Konstituzionalisten ustez, gutxienez bost artikuluk diote Bukele ezin dela berriro lehiatu. Horietako batek, 152. artikuluak,zehazten du ezin dela hauteskundeetara aurkeztu bozak baino sei hilabete lehenago kargua izan duen inor.

Hain zuzen ere, Bukeleren alderdikoek artikulu hori baliatu nahi dute: presidenteak eta presidenteordeak azaroan kargua utziz gero hautagaitza legezkoa izango dela aldarrikatu dute.

Ikusteko dago trikimailu horrek funtzionatzen ote dion, 154. artikuluak esaten baitu presidentearen funtzioak ekainaren 1ean hasi eta bukatzen direla.

Auzitegiei dagokienez oztopo gutxi aurki ditzake Bukelek. Haren Nuevas Ideas-ek kontrolatzen du Auzitegi Konstituzionala, eta 2021eko iraileko idatzi bateanebatzi zuen hauteskundeetara aurkezteak ez duela esan nahi presidente izan behar duenik, eta aukera bat besterik ez dela. Hauteskunde Auzitegiak tesi horri men egingo diola adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.