Lan esparru propioaren bide motela

Duela 30 urte, LABek eta ELAk batera ekin zioten lan harremanetarako euskal esparruaren aldeko aldarriari. Gorabehera askoren ondoren, oraindik ez dituzte helburu guztiak lortu.

Lan harremanetarako euskal esparruaren aldeko manifestazioa
Lan harremanetarako euskal esparruaren aldeko lehen manifestazioa, Bilbon. XOUSE SIMAL-EUSKALDUNON EGUNKARIA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko otsailaren 19a
05:00
Entzun

1994ko otsailaren 19an 60.000 pertsona irten ziren kalera Bilbon Euskal langileok gure buruaren jabe zioen pankartaren atzean. ELA eta LAB sindikatuek elkarrekin eginiko deialdia izan zen, eta EAJ ez beste alderdi abertzale guztiek babestu zuten. Enpresari elkarterik ez zen egon, ezta Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkaririk ere. Lan harremanetarako euskal esparruaren aldeko aldarriaren lehen pausotzat jotzen da mobilizazio erraldoi hura.

Egun hura «historikotzat» jo zuen Jose Elorrieta garai hartako ELAko idazkari nagusia zenak. Izan ere, ELA eta LAB elkar gerturatzeko prozesuak gaina jo zuen Bilboko kaleetan. Urte askotako mesfidantzaren ondoren, 1993ko azken hilabeteetan hasi ziren bi sindikatu abertzaleak elkarri gerturatzen. Bilera horietan ikusi zuten beharrezkoa zela Hego Euskal Herrian estrategia bat abiatzea lan negoziazioaren zentralizazioari aurre egiteko —ELAk ez du ordezkaritzarik Ipar Euskal Herrian—, eta bat zetozela diagnosian.

ELAk eta LABek batera deituriko manifestazioak 60.000 lagun elkartu zituen Bilbon. Bi sindikatuek hilabeteak zeramatzaten akordioa lantzen.

1994ko urtarrilaren 19an bi sindikatuetako 4.000 delegatu elkartu ziren Gasteizen. Aliantza berriaren lehen irudi publikoa izan zen, eta hil hartako 27rako deituta zegoen greba orokorra prestatzeko bildu ziren. Lan erreformaren aurkako greba zena euskal esparruaren aldarriarekin lotu zuten bi sindikatuek. Ondoren iritsi zen otsailaren 19ko manifestazioa, eta, hala Aberri Egunean nola Maiatzaren Lehenean elkarrekin joatearen erabakia.

Bilbon Elorrietak eta Rafa Diez orduko LABeko idazkari nagusia zenak hartu zuten hitza. Haien eskaerak gaur egungoak izan zitezkeen. Elorrietak lan alorreko eskuduntzak eta ahalmen legegilea aldarrikatu zituen. Confebaski egotzi zion Espainiako patronalaren «apurrekin» aski zuela, eta Jose Antonio Ardanza lehendakariari leporatu zion lan alorreko politika «lan esparruaren etsai den zentralista huts baten» esku utzi izana. Garai hartan Paulino Luesma (PSE) zen Lan sailburua.

Diezek, berriz, lan esparrua «oinarrizko tresna» zela aldarrikatu zuen, «Euskadiren burujabetasuna eta etorkizun ekonomikoa ukatzen zuten» arauak haustea zelako. Halaber, hitz gogorrak izan zituen euskal gizartearen ongizatea bigarren mailan jartzen zutela egozten zioten «gezurti espainolentzat». Galdera hau egin zien: «Gezurti hutsak dira. Nortzuk dira horiek Euskadiren defentsaz hitz egiteko? Gure industria eraitsi, inbertsioak oztopatu eta lan harremanak zentralizatu egiten dituztenak?».

2017az geroztik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmenek lehentasuna dute Espainiakoen aldean, baina sindikatuek diote blindatu beharreko eskubide bat dela.

30 urteko bide baten hasiera izan zen. Hiru hamarkada horietan ELAren eta LABen arteko harremanak gorabehera handiak izan ditu, eta behin baino gehiagotan berrindartu eta hautsi da batasun hori —1994-1999 urteetako batasuna, 2008ko krisiari emaniko erantzuna, 2015-2020 urteetako tartea—. Egun, esaterako, bi sindikatuek apurtutzat ematen dute harremana. 1994ko ekitaldia hartan Elorrietak lan alorreko eskuduntzak eskatzen zituen, eta Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak apurka lortu izan dituzte: lan ikuskaritzaren zati bat, enplegu politika aktiboak... Oraindik, baina, hainbat gelditzen dira; esaterako, Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa edota Soldatak Bermatzeko Funtsarena.

Lan hitzarmenen auzian ere egon da bilakaera, batez ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 2017an, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek lanbide arteko akordio bat sinatu zuten Confebaskekin, sektore mailako EAEko lan hitzarmenen lehentasuna bermatzeko Espainiakoen gainetik. Sindikatu abertzaleen arabera, baina, blindatze handiagoa behar du akordio horrek, eta egun EAJk lege proposamen bat aurkeztua du Espainiako Parlamentuan blindatze hori eskatzeko. Onartu egingo dutela ematen du, eta orduan Nafarroako lan hitzarmenek ere lehentasuna izango lukete Espainiakoen aldean. Dena den, oraindik ere badaude Euskal Herriko lurraldeetara egokitu gabeko hitzarmenak; horren eredu, industria kimikoarena. Sindikatuak mahaiak ireki asmotan daude, eta patronalak uko egin dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.