«BSH ez itxi!». Oihua ozen aditu da gaur Iruñeko kaleetan. Milaka eta milaka pertsonak babesa adierazi diete BSHren Ezkirozko lantegiko beharginei (Nafarroa), argitara atera ostean Bosch multinazionalak planta ixteko asmoa duela. Manifestazioaren aurretik, BSHren Ezkirozko langile batzordeko buru Juanjo Hermoso de Mendozak esan du «enpresari atzera eginarazteko» esperantza dutela, eta esperantza horrekin bat egin dute deialdira batutako milaka lagunek —3.500, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren arabera—. Azkenerako, baina, lantegi bat ixtearen aurkako protesta zena sektore osoaren aldeko aldarri bihurtu da: alde batetik, manifestazioarekin bat egin dutelako beste hainbat lantegitako beharginek; eta bestetik, Ezkirozko langileek gogoan izan dituztelako egoera bertsuan diren fabriketako lankideak. Deslokalizazioak, itxierak eta kaleratzeak ohiko bihurtu diren garaiotan, «etorkizuna» galdegin dute bigarren sektorearentzat.
Manifestazioa Golem zinema aretoen pareko plazan hasi da, mobilizazio handiek ohi duten legez. Hala izan da gaurkoa ere: jendetsua eta ozena. Protesta hasi baino dezente lehenagotik, lepo beteta ageri ziren plazaren inguruko bazterrak, eta peto laranjako beharginak hasiak ziren giroa berotzen. Petardoak, txilibituak eta bozgorailuek ozendutako sirena hotsak. Burrunba horren erdian, kostata mintzatu da BSHko langile batzordeko presidentea, manifestazioa abiatu aurretik: «Protestaren helburu nagusia da enpresak atzera egin dezala lantegia ixteko erabakian, baina, aintzat hartuta egungo egoera sozioekonomikoa, Nafarroako industriaren aldeko aldarria ere bada».
Hermoso de Mendozak gogorarazi du Ezkirozko plantaren itxierak 655 langileri eraginen liekeela zuzenean, baina albo kalteak «askoz handiagoak» izan daitezkeela: «Zientoka dira BSHrentzat lan egiten duten enpresak; hortaz, Ezkirozko lantegiaren itxiera gauzatuko balitz, mila langileri baino gehiagori eraginen lieke». Pertsona horientzat guztientzat, Alemaniako zuzendaritzaren erabakia «kolpe animiko izugarria» izan da: «Shock egoeran gaude oraindik, ezinegonak janda. Gutako askok ez dugu lorik egin astelehenetik». Lantaldearen batez besteko adina 50 urtetik gorakoa dela gogorarazi du batzordeko buruak, eta «konponbide bat» galdegin du denentzat.
Elkartasuna eman eta jaso
Ezkirozko langileen egoera salatzeaz harago, baina, Hermoso de Mendozak gogoan izan ditu «egoera bertsuan diren beste hainbat lankide»; besteak beste, Sunsundegui, Tenerias Omega eta Gamesa enpresetako beharginak. Elkartasun mezua helarazi die, halaber, Gasteizko SDA Factory lantegiko 55 langileei: «Aste honetan bertan jakinarazi diete lantegia itxiko dietela, eta, gainera, BB Trends enpresaren tratu miserablea sufritu behar izan dute lau urtez».
BSH-Ezkirozko lantaldeak adierazitako babes hori bueltan ere jaso dute gaur eguerdiko manifestazioan: protestarekin bat egin dute Nafarroako beste hainbat enpresatako langile batzordeek, baita Superser, Agni eta Ufesa fabrika zaharretan aritutako behargin erretiratuek ere, pankarta propioarekin. Elkartasun keinuek, bestalde, ez dute etenik izan ibilbide osoan: besarkadak, ukabil goratuak, ikusleen txaloak eta aldamenetik igarotzen ziren autoen klaxonak. Baiona etorbidea atzean utzita, Armadaren etorbidean gora joan dira manifestariak, eta Bakearen plazan ezkerrera eginda, Sarasate pasealekuan amaitu da protesta, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean.
Manifestazioa amaitzeko, hitza hartu du berriz Ezkirozko lantegiko batzordeko buruak, eta eskerrak eman dizkie azken egunetan babesa adierazi dieten norbanako eta erakunde guztiei. «Elkartasun adierazpen pila bat jaso ditugu: BSHko beste lantegietako komiteak, beste enpresa batzuetako langileak, udalak, kontzejuak, erakundeak, gizarte eragileak, norbanakoak... Mila esker horiei denei, baita gaur hona etorri zareten guztioi ere», esan du Hermoso de Mendozak.
BSHko zuzendaritzaren «krudelkeria eta gizatasunik eza» kritikatu ditu langile batzordeak, manifestazio bukaerako idazkian: «Urtero bezala, Eguberriak zoriontzeko txartela jaso genuen, eta egun batzuk geroago, zigilu bera zeraman beste gutun bat, gure kaleratzearen eta lantegiaren itxieraren berri emanez».
Gobernuarekin lankidetza
Hermoso de Mendozak eskertu egin du Nafarroako Gobernuaren «inplikazioa», eta esan du «konfiantza» eskaini diotela, enpresako buruzagiekin konponbide bat negozia dezan. «Haiekin lankidetzan ari gara, baina, ziurrenik, beste erakunde publiko batzuen konplizitatea ere beharko dugu», adierazi du. Azkenik, esan du erakundeek «ekintzen bidez» erantzun beharko diotela langileek emaniko konfiantzari.