BSHrekin lantalde bat osatuko dute lantokiaren geroaz erabakitzeko

Txibitek esan du «itxaropenezko aukera bat» ireki dela, aukera guztiak aztertuko direlako. BSH prest dago lantaldea eratzeko, baina ez du ezer esan Ezkirozko lantokia ixteko erabakian atzera egiteaz.

Christian Prenzel BSHko Europako zuzendari nagusia, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Jordi Hereu Espainiako Industria ministroa eta Joerg Ulrich mundu mailako produkzioburua. NAFARROAKO GOBERNUA
Christian Prenzel BSHko Europako zuzendari nagusia, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Jordi Hereu Espainiako Industria ministroa eta Joerg Ulrich mundu mailako produkzioburua. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2025eko urtarrilaren 10a
17:15
Entzun

BSH taldeko Alemaniako zuzendaritzako bi ordezkari Madrilen bildu dira eguerdian Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin eta Jordi Hereu Espainiako Industria ministroarekin, Hereuren beraren bulegoan. Bertan, erabaki dute Ezkirozko fabrikaren etorkizunaz eztabaidatzeko lantalde bat sortuko dela. Mahai gainean jarriko dituzte ixteko erabakian atzera egiteko aukerak eta industria ahalmenari eta lanpostuei eusteko alternatibak. Amaieran, «bilkura onuragarria» izan dela adierazi du Txibitek. «Ezerezetik hasi gara, eta orain langileentzako itxaropenezko aukera baten alde lan egin dezakegu».   

Gaurko bilkura baliagarria izan da BSHko Ezkirozko lantokia ixtea erabaki zutenetako bi goi karguduni aurpegia jarri ahal izateko. Christian Prenzel BSHko Europako zuzendari nagusia eta Joerg Ulrich mundu mailako produkzioburua izan dira bileran, Jose Juste Espainiako BSHko operazioburuarekin batera. Nafarroako Gobernuaren izenean, Txibiterekin batera izan dira Mikel Irujo Industria kontseilaria eta Carmen Maeztu Lan kontseilaria.  

BSHren inguruan zantzu txar batzuk ikusirik, azken hilabeteetan Alemaniako zuzendaritzarekin harremanetan jartzen ahalegindu da Irujo, emaitzarik izan gabe. Horregatik, ustekabean harrapatu zuen Nafarroako Gobernua abenduaren 16an BSHk lantokia ixteko asmoaren berri eman zienean langileei. Iragarpenaren ondotik, Txibitek eta Hereuk biltzeko gonbita egin zioten Matthias Metz BSHko buruari.

«Esan digute esfortzu hori egin dutela, baina orain elkarrekin lan egingo dugu bestelako aukerak aztertzeko»

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Gaurko bilkura amaituta, ez dute beste zehaztapenik eman. Lantalde bat osatuko da gobernuen eta multinazionalaren artean. Talde horren egutegiari buruzko xehetasunik ez dute eman. Berez, abenduaren 16an, Ezkirozko fabrika sei hilabeteren buruan ixteko asmoa agertu zuen taldeak, eta, teorian, epemuga hori oso presente izango dute.

Txibiteren hitzetan, «mahai horretan aukera guztiak aztertuko dira, honek guztiak beste emaitza bat izan dezan». Ezkirotzen 655 lanpostu zuzen daude, eta zeharka, «beste horrenbeste». Bilkuran Prenzelek eta Ulrichek helarazi diete aurretik ere aztertu dituztela bestelako aukerak. «Esan digute esfortzu hori egin dutela aurrez, baina orain elkarrekin lan egingo dugu bestelako aukerak aztertzeko: bazkideak, inbertitzaileak, berrindustrializatzea, produktu berriak... Guztia, enplegurik ez galtzeko». 

BSHk onartu egin du lantalde hori sortzea, baina ez du konpromisorik adierazi itxieran atzera egiteari buruz. Txibitek azpimarratu du horren alde lan egingo dutela buru-belarri. «Nafarroako Gobernuak lanpostu guztien defentsan borroka egingo du, lanpostu bakoitzaren alde».  

Langileen elkarretaratzea

Madrilgo bilkura hasi den ordu berean, 12:00etan, elkarretaratzea egin dute langileek fabrikaren aurrean. BSH ez itxi, Nafarroako industriaren alde zioen kartelari heldu diote batzordeko kideek. Asteartean ekin zioten lanari, eta, Juanjo Hermoso de Mendoza batzordeko buruaren arabera, langileak burumakur daude. «Ez dakigu zer gertatuko den. Ez gaude ohiko egoera batean, salbuespenezkoan baizik». 

Bilerak eman duenaren inguruko xehetasunen berri emango die bihar, 10:00etan, Nafarroako Gobernuak. Batzordeak erabaki zuen bilerara ez joatea, eta gobernuari ematea konfiantza osoa hitzordu horri begira. «Helburu nagusia zen konpainiarekin bitartekaritza sortzea, eta hori lortu da. Ikusiko dugu zer proposamen jartzen dituen Nafarroako Gobernuak mahai gainean eta zer bilakaera duen egoerak. Enpresak eta eragileek euren ikuspegia azalduko dute, eta, hortik aurrera, gure erabakiak hartuko ditugu». 

BHSko langileen elkarretaratzea Ezkirozko lantoki aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
BHSko langileen elkarretaratzea, Ezkirozko lantokiaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.