BSHko langile batzordeak komunikatu baten bidez jakinarazi du ez dela izango etzi Madrilen egingo den bileran. Atzo arratsaldean baieztatu zen multinazionalak Alemaniako zuzendaritzako bi kide igorriko dituela hara. Hilabeteetan, BSHk uko egin dio Nafarroako Gobernuarekin biltzeari. Horregatik, azkenean bitartekaritza zuzen bat sortu dela ikusita, batzordeak erabaki du gobernuari «konfiantza osoa» ematea.
Ostiraleko bilera 12:00etan izango da, eta bertan izango dira Christian Prenzel BSHren Europako zuzendaria eta Joerg Ulrich munduko produkzio arduraduna. Han izango dira, halaber, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Jordi Hereu Espainiako Industria ministroa. Batzordearen arabera, Industria Ministerioak bultzatu du ekinaldia, eta ez dituzte gonbidatu. Uste dute alemaniarren parte hartzea ziurtatuta lortu dela bederen bitartekaritza zuzen bati bide ematea.
Bilkura horren edukiari buruzko informazioa larunbatean jasoko dute, Alicia Etxeberria Espainiako Gobernu ordezkariarekin egingo duten beste bilera batean, 11:00etan. Gainera, ostiralean bertan, 12:00etan, elkarretaratzea egingo dute langileek, Ezkirozko fabrikaren aurrean.
Irujoren azalpenak
Mikel Irujo Industria kontseilaria Madrilgo bileran egongo da. Hitzorduari eta aurreragoko egoerari begira, azaldu du gobernuak ahalegina egingo duela BSHk atzera egin dezan. Irujok ez daki zerk eraman dituen erabaki hori hartzera. Oraindik ez dute jaso enplegua erregulatzeko espedientea. Oraintxe, lan ikuskaritzak du dokumentua, eta bertan daude jasorik enpresaren motibazioak. «Ezingo dute arrazoitu egoera ekonomikoagatik itxi dutela», azaldu du. «Gainera, fabrika horrek ez du inoiz galerarik izan».
Bestelako arrazoiak ikusi ditu atzean. Irujoren arabera, batetik, aspaldidanik izan duen lidergo historikoa galtzen ari da BSH, Europatik kanpoko lehiakideen ondorioz, «batez ere Turkiakoak eta orain Txinakoak». Lehiakortasunaren galera Europa osoari dagokion auzi bat dela uste du. «Europako Batasunak erreakzionatu egin behar du». Bestalde, horri loturik, moldaketa batean murgildurik da taldea. Besteak beste, Italiako fabrikak saltzen ari da, eta Alemanian beste bat itxiko du.
Egoera horretan, Irujok aipatu du Nafarroako lehiakortasunaren ikuspegitik gehigarri bat eskain diezaiokeela: Europa iparraldearen aldean, soldata apalagoak, eta, aldi berean, prestakuntza egoki bat.