BSHko langileek manifestaziora deitu dute larunbaterako, itxiera salatzeko

Bihar eguerdian elkarretaratzea egingo dute parlamentu aurrean, eta, larunbatean, 12:00etan aterako da protesta Iruñeko Golem aretoetatik. BSHk lantokia ixteko erabakian atzera egin dezan «behar den guztia» egin dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari.

BSHren Ezkirozko fabrika, gaur goizean. BERRIA
BSHren Ezkirozko fabrika, gaur goizean. BERRIA
joxerra senar
Ezkiroz
2024ko abenduaren 17a
14:25
Entzun

Atzo BSHk lantokia itxiko zuela jakin izana kolpe handia izan da bertan lan egiten duten 655 langileentzat. «Shock handi bat», euren hitzetan. Goizean, langileak ez dira bertaratu, eta batzordeko kideak 09:30etik bilduta egon dira hurrengo pausoak erabakitzeko. Bilera tarte batean, Juanjo Hermoso de Mendoza batzordeburuak (LAB) iragarri du bihar eguerdian elkarretaratze bat egingo dutela, eta larunbatean manifestazioa, 12:00etan, BSH ez itxi Nafarroako industriaren alde lelopean. «Ez gara bakarrak. Antolin eta Sunsundegui ere gaizki daude. Nafarroako industria egoera larri batean sartzen ari da». 

Lantokiaren inguruak lasai zeuden gaur goizean. Soilik mezulari batzuen joan-etorria sarreran, eta hainbat kazetari galdezka. Dena den, bezperan jasotako albistearen ondorioak nabari ziren Hermoso de Mendozaren aurpegian. Telefonoa jo eta jo zebilkion.

Azaldu duenez, Alemaniatik preseski etorritako zuzendari batek eman zien albistea atzo. «Administratzaile bakar moduko bat da, eta bera arduratzen da altxortegiaz». Hilabete batzuk lehenago, ohartarazi zuten ontzi garbigailuen eta hozkailuen produkzioa murrizten ari zirela taldeko beste lantoki batzuen mesedetan, eta, goi kargudun hura Iruñera zetorrela jakinda, alarmak piztu ziren. «Bagenekien zerbait handia zetorrela, baina itxiera inondik inora ere ez», onartu du.

«Komunikatua irakurri zigun hoztasunez. Detaile horiek gizatasun oro kentzen dute, eta agerian uzten dute multinazionalen aurpegirik krudelena».

JUANJO HERMOSO DE MENDOZALangileen batzordeko burua

«Komunikatu bat irakurri zuen. Lehiakortasun falta egotzi, eta jakinarazi zuen lantokien produkzio doikuntza bat egin behar zutela eta Ezkirozko lantokia itxi egin behar zutela», azaldu du langileen batzordeko presidenteak. Ustezko lehiakortasun falta frogatuko lukeen bestelako daturik eman gabe bota zien itxi egingo zutela. «Komunikatua irakurri zigun hoztasunez. Detaile horiek gizatasun oro kentzen dute, eta agerian uzten dute multinazionalen aurpegirik krudelena».

Hermoso de Mendozak 29 urte daramatza enpresan. Berak bezala, langile ugarik urteak daramatzate lanean. «Gu gara Super Serren lan egiten zutenak ordezkatu zituen belaunaldia. Erakutsi dugu gure profesionaltasuna, guk ekoitzitako produktuen kalitatea». Horrek ez du balio izan, eta, haren esanetan, «erabateko drama bat» izan zen atzoko kolpea. «Gutako askok hamarkadak daramatzagu lanean. Lankide batzuk bikote dira, eta bi soldatak BSHtik datoz. Norberak bere bizi proiektua du, baina denoi eragiten digu, asko».

«Balantze ekonomikoa ez da fabrikarena, BSH Electrodomesticos Españarena baizik. Enpresa handiek aukera dute finantza ingeniaritza egiteko. Hau deslokalizazio bat da, argi eta garbi». 

JUANJO HERMOSO DE MENDOZALangileen batzordeko burua

Enpresak lehiakortasun falta egotzi badie ere, batzordea ez dago ados horrekin. Martxoan, prentsaurreko batean salatu zuten Iruñerriko saltoki handietan aurkitu zituztela euren fabriketan egiten diren produktu berak baina Turkian eta Polonian ekoitziak eta bertara ekarriak. «Balantze ekonomikoa ez da fabrikarena, BSH Electrodomesticos Españarena baizik. Enpresa handiek aukera dute finantza ingeniaritza egiteko. Hau deslokalizazio bat da, argi eta garbi». 

Azalpen eske, presazko bilera eskatu diote Pepe Juste BSHko operazio arduradunari. Villatuertako lantokiaren itxiera zuzendu zuen, eta 2011n Ezkirozko lantokian izandako laneko erregulazioko espedienteaz arduratu zen. «Nafarroako Industria Elkarteko buruzagia da, eta sariak jaso ditu. Ikaragarria da ehun ekonomikoa suntsitu duen norbait saritu izana».

Nafarroako Gobernuari mezua

Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilariarekin eta Maria Txibite lehendakariarekin bilerak eskatu dituzte. «Ez dugu hitz politik jaso nahi, ez dugu sorbaldan kolpetxo bat ematea nahi», aipatu du Hermoso de Mendozak.

Langileen helburua da multinazionalak atzera egitea bere erabakian, eta, horregatik, uste dute gobernuak presio egin dezakeela langileen alde. «Enpresak atzera egin dezan, modu aktibo batean lan egin dezala eskatzen diogu. Jar ditzatela euren bitarteko guztiak Ezkirozko BSHn jarduera egon dadin eta lanpostuak bermatu daitezen».

Multinazionalak atzera egin dezan ahaleginduko dira. Aurten, 40 egunetik gorako aldi baterako lan erregulazioan egon dira langileak. Urtarrilaren 31n amaituko da, eta hori amaitu aurretik etorri da erabakia. UGTko Xabi Tejerok azaldu du ezin dituztela langileak babes gabe utzi: «Behar den tokietan defendituko ditugu lanpostuak». 

BSH, 35 URTE EUSKAL HERRIAN

  • 1989. Alemaniako eta Europako etxetresnen egile nagusia, BSH Hausgerate, 1989an iritsi zen Euskal Herrira. Safel (Super Ser izandakoa) erosi zion orduko jabeari, Nafarroako Gobernuari, Thomson frantziarrari enkantea erosita. BSHren esku geratu ziren Nafarroako bi lantegiak: Ezkirozko fabrika berria (1984an irekitakoa), eta Villatuertakoa. Operazio horrek ondorio politiko garrantzitsuak izan zituen handik urte batzuetara: Javier Otano Nafarroako lehendakariak (PSN) dimisioa eman zuen 1996an, frogatutzat geratu zelako BSHk legez kanpoko komisioak ordaindu zituela Safel erosteko eta diru horren zati bat Otanok jaso zuela. 
  • 1989. BSHk bere ekoizpen sarea zabaltzeko beste operazio bat egin zuen Euskal Herrian: Ufesa etxeko tresna txikien egilea erosi zuen, eta haren esku geratu ziren Gasteizko lantegia (Ehauri-Gobeu industrialdean) eta Etxarri Aranazkoa (Nafarroa).
  • 2004. Etxarri Aranazko lantegia itxi zuen BSHk, eta Txinara eraman zuen berogailuen, frijitzeko makinen eta kafe makinen ekoizpena. Han ari ziren 159 langileetatik 113k kalte ordaina jaso zuten; 38 BSHren Ezkirozko lantegira joan ziren, eta bat Villatuertakora.
  • 2014. Itxieraren ordua iritsi zitzaion Villatuertako fabrikari. Garai bateko 300 langileetatik 180 geratzen ziren, eta horietatik erdiak pasatxo Ezkirotzera bidali zituen multinazionalak.
  • 2015. Uharteko bulegoen zati handi bat itxi zuen, eta soilik informatika atalekoak utzi zituen.
  • 2018. Gasteizko lisatzeko makinen lantegia B&B Trends Kataluniako enpresari saldu zion BSHk, eta SDA Factory du izena gaur. Ufesa marka, BSHk 1989an erositakoa, hark erabiltzen du gaur egun.

     

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.