BSHko langileek fabrikako sarrera moztu dute, eta Foruzaingoak indarka atera ditu

Euren etorkizuna erabakiko den negoziazio mahaian eseri ahal izatea eskatu dute. Hori lortzeko presio egin nahi diote zuzendaritzari. Ohartarazi dute ekintza zuzen gehiago egingo dituztela.

BSHko langileen protesta eta Foruzaingoak handik indarrez atera dituen unea. BERRIA
joxerra senar
2025eko martxoaren 19a
11:52
Entzun 00:00:0000:00:00

Goizean goizetik, BSHko langileek eserialdia egin dute lantoki aurrean, Ezkirotzen (Galar, Nafarroa). Ez zekien inork. Ezta langileek eurek ere. Batzordearen erabakiz, lagun talde batek eserialdia egin du, eta berehala, beste asko inplikatu dira. «Langileen eredu izan nahi genuen, eta ekintza zuzenak egiteko prest garela erakutsi», azaldu du Juanjo Hermoso de Mendoza batzordeko presidenteak.

Hilkutxa bat paratu dute aurrean, baita bidoi bat erre ere. Ekintza zuzen horren bidez, batzordeak presio egin nahi du. Alemaniako multinazionalak uko egiten dio batzordeak lantokiari buruzko elkarrizketetan parte hartzeari, eta batzordeak beto hori kendu nahi du. «Ildo berari helduko diogu aurrerantzean ere, helburua lortu arte eta BSHren eta administrazio publikoen arteko mahai horretan esertzen garen arte».

Goizero hamar kamioi inguru sartu ohi dira fabrikara, baina gaur zain geratu behar izan dute kanpoaldean, sartu ezinik. Egunero gutxienez hiru kamioi ibiltzen dira Lizarrara joan-etorrian, BSHk Villatuertako biltegian jasotzen baititu produktuetako asko. Gainera, Txinara eta Turkiara esportatzen dituzten hozkailuak Ezkirotzen metatzen dituzte, eta, egun jakin batzuetan, kamioien mugimendu handia egon ohi da.

Gaurkoa ez zen egun horietako bat. Garraiolariak fabrikaren inguruko errepidean zeuden zain. Guztia gainbegiratzeko asmoz, berehala iritsi da Foruzaingoa. 21 polizia zeuden, eta tentsioa handitzen hasi da.

Istiluei aurre egiteko uniformez jantzita, foruzainek sarrera libre uzteari ekin diote, 10:00ak aldera. Errepideko segurtasuna kolokan jartzen ari zirela argudiatuta, eserialdia egiten ari ziren langileak indarka atera dituzte, banan-banan.

Batzuk euren kabuz altxatu dira, baina beste batzuk arrastaka eraman dituzte. Ondoan, BSH ez ixteko oihukatu dute lankideek, eta foruzainei txistu egin diete. Tentsio uneren bat egon arren, ez da istilu handirik sortu.

BSH
BSHren lantegiaren aurrealdea, gaur goizean. IÑIGO URIZ / FOKU

10:20rako errepideko lerro bat libre utzi dute foruzainek, eta lauzpabost kamioi sartu ahal izan dira. Langileen protesten artean, foruzainek alde egin dute azkenik. Langileek orduantxe amaitu dute protesta.

Langileen batzordeak ontzat jo du ekintza zuzen hori, eta gehiago egingo dituztela ohartarazi du. «Planifikatu egin behar dugu, eta aztertu, baina ez dagokigu guri soilik». Aurki, Nafarroako Gobernuarekin bilduko dira egoera aztertzeko. Aurreko ostegunean, langileen batzordeak BSHri esan zion negoziazioetan parte hartzea nahi zutela, eta eskaera horri emandako erantzuna ere izango dute hizpide.

Abenduaren 16an, sei hilabeteren buruan lantokia itxiko zuela iragarri zuen BSHk, baina hura eragozteko aukera aztertzen ari da orain. Dena den, langileek iragan astean zuzenean eskatu zuten euren etorkizuna erabakiko den mahai horretan eseri nahi dutela. Enpresak orain arte esan die soilik informazioa emango diela, baina ez duela nahi langileak erabakien gunean egoterik.

Gaur bertan, Ezkirozko plantako zuzendaritzako arduradunekin elkartu dira. Bertan zen Pepe Juste Espainiako BSHren operazio arduraduna eta Nafarroako Industria Elkarteko buruzagia. «Hiruko negoziazioan parte hartzen du Justek, baina esan digu ez duela ahalmenik gure eskaerari erantzuteko. Eskatu diogu dagokionari helaraz diezaiola. Betoari eta bazterketari eusten ari dira», azaldu du Hermoso de Mendozak.

Ezkiroztik kanpo, Iruñean, langileen eskaerari buruz galdetu diete Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilariari. Haren ustez, negoziatzeko, beharrezkoa da ingurune lasai bat izatea.

Sunsundeguin ez dago inbertitzaileei buruzko berririk

Altsasuko Sunsundeguiko langileen batzordeko ordezkariak Nafarroako Parlamentu aurrean elkarretaratu dira. Hartzekodunen konkurtsoko administratzaileak larunbatean aurkeztu behar du txosten teknikoa, eta batzordeak oraindik ez daki inbertitzaileren baten eskaintza loteslerik ba ote dagoen. Horren inguruko azalpenak eskatu dituzte.
Langileek sei hilabete daramatzate aldi baterako lan erregulazioko espedientean, eta, LABeko Oscar Telletxearen arabera, «higatuta» daude. «Denbora ez dugu gure alde». UGTko David Trevejoren esanetan, hilabeteak aurrera doaz eta ziurgabetasuna da nagusi.
Felix Taberna Nafarroako Gobernuko presidenteorde lehenak esan du «kalteak ahalik eta arinenak» izan daitezen saiatuko direla. «Industria jarduera ordezkatzeko aukerarik badago, aukera horri helduko diogu». Dena den, negoziazioen harira isiltasuna eta diskrezioa eskatu ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.