BSHko langileak Espainiako Gobernuarekin bilduko dira

Ostiralean elkartuko dira Lan Ministerioko eta Industria Ministerioko ordezkariekin. Martxa bat egin dute enpresaren jarrera salatzeko.

BSHko langile batzuk, gaur egindako martxan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
BSHko langile batzuk, gaur egindako martxan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko apirilaren 9a
15:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Goizeko eta arratsaldeko txandako BSHko 300 bat langilek Ezkirozko etxetresna elektrikoen lantegia eta Nafarroako Industria Elkartearen (AIN) egoitza —Cordovillan dago— lotu dituzte, gaur goizean egindako martxan batean. Lantegiaren etorkizunari buruz erakundeak eta enpresa egiten ari diren negoziazioetan langile batzordeari jarritako «betoa» salatu dute. Hain justu, BSHko zuzendaritzako kide bat AINko burua da, Pepe Juste, eta manifestazioan egin dituzten oihu asko hari zuzendu dizkiote.

Protesta ekintzan ez da aparteko istilurik izan, baina Foruzaingoak istiluetarako lau furgoneta eta helikoptero bat erabili ditu. AINren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean, AINko Giza Baliabideen arduradunak langileen batzordeko presidente Juanjo Hermoso de Mendozarekin hitz egin du, eta elkartasuna adierazi die langileei. Elkarteko beste kide bat, berriz, manifestariei oldartu zaie, eta Poliziak egoitzan sartu behar izan du. BSHko langile baten eta Poliziaren arteko liskar txiki bat ere izan da, manifestari bat AINren logoa pegatina batzuekin estaltzen ari zenean.

Iazko abenduan, konpainiak jakinarazi zuen sei hilabeteren buruan Ezkirozko hozkailu eta ontzi garbigailuen lantegia itxiko zuela eta 660 langile kaleratuko zituela. Ordutik, Nafarroako Gobernuak, Espainiako Industria Ministerioak eta BSHko zuzendaritzak hainbat bilera egin dituzte.

Gaurko martxan, Hermoso de Mendozak berriz ere adierazi du elkarrizketa horietan sindikatu guztiek batera egon nahi dutela, eta berretsi du ez dutela onartuko zuzendaritzak sindikatu bakoitzarekin banan-banan biltzeko egindako proposamena.

BSH EZKIROZ
Langileek martxa bat egin dute Ezkirozko lantegitik Cordovillara, Nafarroako Industria Elkartearen egoitzara. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Horrekin batera, iragarri du etzi langileen ordezkaritza bat Madrilera joango dela Lan Ministerioko eta Industria Ministerioko kideekin biltzera. «Nafarroako Gobernua eta Espainiakoa Industria Ministerioaren eskutik doaz eta, alde horretatik, uste dugu bi administrazio publiko horien babesa dugula».

Irujoren babesa

Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilariak ere parte hartuko du ostiraleko bileretan. Gaur egindako prentsaurreko batean, esan du ez duela ulertzen BSHko zuzendaritzaren jarrera. «Inoiz galerarik izan ez duen lantegi bat da; gure ustez, oso zentzuzkoa da enpresari malgutasuna eskatzea epeak betetzeko garaian, 660 pertsonarentzako etorkizun industriala ziurtatu arte, hori baita gure lehentasun nagusia».

Oso egoera zailean dagoen beste enpresa bat ere izan du mintzagai: Sunsundegui autobus ekoizlea —340 langile ditu—. Hartzekodunen konkurtsoan dago, eta, Belgikako Dumarey taldeak atzera egin ondoren, apirilaren 14an hasiko du likidazio prozesua. Irujok adierazi duenez, ez dago «berririk». Langileek Altsasuko plazan egin dute elkarretaratzea gaur, udalari babesa eskatzeko. Itxierak eskualdera kalte handia ekarriko duela ohartarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.